argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak salatu du Lanbidek atzerritar irregularrak kanporatze arriskuan jarri dituela
  • Gipuzkoako SOS Arrazakeriak salatu du Lanbidek, hainbat astez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu duten atzerritar irregularrei ere Atzerritarren Nortasun Zenbakia (AIZ) eskatu diela eta horrek kanporatze arriskuan jarri dituela. Egun, Lanbidek webgunean publiko dituen irizpideetatik kendu du puntu hori. SOS Arrazakeriak zuzenketa publikoa eta Lanbideren bulegoetara egoera hau zuzentzeko ildoak jakinaraztea exijitu du.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko maiatzaren 16a

Apirilaren 6an jarri zituen Lanbidek bere webgunean Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren interpretaziorako irizpideak. Hor zioenez, pertsona atzerritar orok, Espainiako Estatuan hiru hilabete badaramatza, Atzerritarren Nortasun Zenbakia (AIZ) derrigorrez eskatu behar du. Lanbideren hainbat bulegotan hainbat astez aritu dira AIZ jatorri atzerritarreko herritar denei eskatzen. SOS Arrazakeriak azaldu duenez, "egoera irregularrean dauden pertsona atzerritarrek ezin dute AIZ aurkeztu".

Kanporatze arriskuan jarri dituen irizpidea

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak salatu duenez, "arrisku egoeran jarri ditu pertsonak, SOS Arrazakeriaren Aholkularitza eta Salaketa bulegoan antzeman den moduan. Nahiz eta ez dakigun zenbat pertsona izan diren Atzerritartasun Komisaldegi Probintzialera gerturatu direnak, oso ondorio larriak izan zitzaketen". Irizpide horrek ez duela "ez zentzurik, ez justifikaziorik" gehitu du: "Lanbide euskal enplegu zerbitzuak ondo dakielako ez dela bidezkoa egoera irregularrean dauden pertsonei AIZ eskatzea. Orain arte existitzen ez zen irizpide honen ezarpena, fede txarra izan dezakeen erabateko arduragabekeria da".

Webgunetik kendu du Lanbidek irizpidea

Egun, webgunean zintzilikatuta dagoen irizpideen dokumentuan ez da ageri irizpide hori. Kanporatzeko arriskua saihesteko, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak "exijitu" dio Lanbideri zuzenketa publiko bat egitea eta bere bulegoei "egoera hau zuzentzeko beharrezkoak diren ildoak jakinaraztea".