Asteartean bukatu dute Gipuzkoako sorosleek hiru eguneko greba. Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak “lotsagarriak” izan direla salatu dute. Asteazkenean egingo dute asanblada grebekin jarraitu ala ez erabakitzeko.
Igandean hasi eta asteartean bukatu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek ELAk deitutako greba. Sindikatuak adierazi duenez, %100eko jarraipena izan du.
Grebaren azken egunean, Donostiako Ondarretako hondartzan egindako mobilizazioan, Jon Gorospe sorosleak adierazi du Jaurlaritza, Udalak eta Gurutze Gorria “aurpegira barrezka” ari zaizkiela eta %80ko zerbitzu minimoak ezartzea “lotsagarria” dela.
Finkatutako zerbitzu minimoen ondorioz, “ohiko zerbitzua” bermatu dela salatu du Gorospek eta hondartzetara hurbildutako asko ez direla ohartu deialdiaz, “hondartza askotan egun normal batean bezainbeste langile zeuden”.
Asteazkenean bilduko dira 100 sorosle inguru asanbladan grebaren ondorioak aztertu eta grebari jarraipena eman ala ez erabakitzeko. Gorospek aurreratu duenez, “ez dugu uste grebak jarraituko duenik, gutxieneko zerbitzuek geldialdiaren eraginkortasuna gutxitu baitute”.
Egoera prekarioa salatzeko greba
100 sorosle baino gehiago ari dira Gipuzkoako hondartzetan udaran lan egiten. Udalek azpikontratatzen duten zerbitzu bat da. Sorosle guztiak aldi batekoak dira, askok lanean urteak daramatzaten arren. Hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dute eta Gurutze Gorriko Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen zaie. Soldata igotzea, finko-etena figura aitortzea eta kontziliazioa jorratzea dira haien eskakizunetako batzuk.