argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Senideak elkarteak adinekoen egoitzetako logeletarako sarbidea eskatu du
  • Egoiliarrei laguntza ematea hainbat organismok legalki babestutako eskubide bat dela argudiatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari horretarako bermeak jartzea eskatu diote.

     

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 08a
Bergarako adinekoen egoitza. Argazkia: Goiena

Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen senideek, egoitza publikoetan zein itunduetan bizi den egoera ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiari logeletara sartzeko baimena eskatu diote, "arropa eta gainerako objektu pertsonalak zaintzeko eta antolatzeko beharrei erantzuteko".

Agiri batean, funtzio hori erreferentziazko senidearen eskumenen artean sartzea proposatu dute, "BOEn dagoen figura legal bat, Mugarik Gabeko Medikuek eta Gizarte Eskubideen Estatu Idazkaritzak gomendatua", eta figura hori baliatzeko eskatu dute, "bereziki krisi garaian".

Logelarako sarrerak “prebentzioko osasun arau guztiak betez” egitea proposatu du Gipuzkoako Senideak elkarteak, "Erreferentziazko pertsona bera izanik beti, gutxienez hamabost eguneko maiztasunarekin".

Zentroa itxita egon arren, oinarrizko zaintzaren arduradunak astean hirutan senitartekoa bisitatu ahal izatea galdegin du elkarteak.

Halaber, "egoitzen eta egoiliarren eta senideen arteko oinarrizko harreman-elementu guztiak modu homogeneoan protokolizatzeko" ere eskatu du, komunikazio-bide estandarizatuaz gain. Horrek informazio guztia gardena eta eguneratua izan dadin balioko luke, zentroetako egunerokotasunari, eta bereziki, egungo osasun-krisiari buruzkoa.

Azkenik, elkarteak eskatu du zentroek "modu iraunkor eta sarrian" ezar ditzatela bideo-deiak, bisita protokolizatuak posible izan arren; izan ere, teknologia berriek "eguneroko elkarrizketa ahalbidetzen dute, eta hori ezinbestekoa da gure senideengan eragin handia duen isolamendu egoera batean".