Donostiako Intxaurrondo auzoan, ondare arkeologikoa biltzeko gune berria eraiki du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Gipuzkoan azken ehun urteotako indusketetan jasotako materiala bildu, zaindu eta katalogatuko da zentro horretan, ikertzaileek eskura izan dezaten. Horretarako, mila metro koadroko espazioa atondu dute eta ikertzaileek gela berezi batean aztertu ahal izango dute material arkeologikoa. Hala ere, arduradunek argitu dute biltokia ez dela publikoari zabalik egongo. Orain arte San Telmo museoan eta Zorroagan gorde izan dituzte halako materialak, eta asmoa da hemendik urte pare batera Gipuzkoako Foru Aldundia Irunen eraikitzen ari den zentro handiago batera eramatea altxor arkeologiko hori. Dena den, Irungo zentro berriak ez du, oraingoz, museo izaerarik izango, Bizkaian edo Araban gertatzen den bezala. Donostiako biltegian aztarna arkeologiko eta paleontologikoez beteriko 7.600 kaxa inguru gorde dira, tartean, Lezetxikin aurkitutako duela 300.000 urteko emakume baten besahezurra edo Burdin Aroko herrixketan azaldutako zeramika zatiak eta nekazal tresnak.