Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteazken goizean egindako agerraldian ELA sindikatuko eraikuntzako arduradunek lurralde horretako obretan gertatzen ari diren gehiegikeriak salatu dituzte. Donostiako Txomin etxebizitzetan, Deskargan, Zubietako erraustegian, Anoetako estadioan eta AHTn ikusitakoa azaldu dute hain zuzen.
Joan den urrian iragarri zuten obra horiei jarraipen berezia egingo zietela eta haietan dabiltzan Aldi Baterako Enpresa Elkarte eta azpikontratekin bildu dira Lan Harremanen Kontseiluan: denek onartu dute sindikatuak salatutakoa, ELAk azaldu duenez. Erraustegiaren kasuan, otsaila arteko epea adostu dute “dena ondo jartzeko. Ikusiko dugu”.
Igor San Jose eta Josu Galarraga ELAko kideak mintzatu dira Ekonomia Sustapeneko batzordean, EH Bilduren eskariz. San Joseren esanetan prekarietate eta “esplotazio” egoera nabarmena da obra guztietan eta “salatuz gero kalera”. Adibide ugari eman ditu hori baieztatzeko.
"Seguruenik alde egingo dut, horrela ezin da bizi"
Txominen ordua 5,5 euro kobratzen duten langileak daude, gehienak atzerritarrak: “Ez dakite non ari diren lanean, furgonetan ekartzen dituztelako. Eta ez dute salatzen beldurra dutelako”. Obra horretan aritutako langile donostiar baten testigantza ere ezagutarazi dute: “Portugalgo enpresa batekin hasi nintzen –dio beharginak bideoan–, ordu pila bat, eta ordaintzen ez zidatenez salatu egin nuen eta arrazoi eman zidaten. Baina hortik aurrera ezer ez zen berdina izan”. Orain langabezian dago eta “seguruenik alde egingo dut, horrela ezin baita bizi”. Txominen ari diren 350 langiletik egoera hori salatu duen bakarra da, gainerakoak beldurragatik isiltzen direla dio San Josek.
Obra horretan eta Zubietako erraustegian aldi berean ari zen hormigoia garraiatzeko enpresa baten kasua ere azaldu dute. Astelehenetik ostiralera 7:00etatik 21:00etara aritzen ziren Txominen eta asteburuan Zubietan, “azkenean istripu bat gertatu zen”.
Zubietan 27 egun segidan egin izan dituzte lan, deskantsurik gabe. Langile batzuen testigantzaren arabera lan-egutegia ezin dute aurrez jakin eta 125 ordu estra sartzen dituzte hilean, muga legala 70 ordukoa denean: “Eta esaten duzunean ez duzula ordu gehiago egingo, mehatxatzen zaituzte neurriak hartzearekin edo kalera botatzearekin”, diote langileok.
"Zerbait badago normala ez dena"
Faltsifikazio kasuen berri ere eman du ELA sindikatuak. Anoetako estadio eraberritzen ari den azpikontrata batek mediku errebisioen fitxak faltsutu ditu agidanean: “50 euro balio duten dokumentuak dira. Holaxe daude azpikontratak, lehia erabatekoa da eta hori egin behar izaten dute”, azaldu du sindikalistak. Estadioa eraberritzeko lizitazioa 50 milioi eurotan egin zen, baina ELAk Donostiako beste obra batzuetan teknikariek jarritako prezioak konparatuz ondorioztatu du gutxienez 70 milioi euro balio beharko lituzkeela: "Zerbait badago normala ez dena, halako proiektu batera enpresa bakarra aurkeztu da".
Deskargako “autonomo faltsuen” inguruan ere hitz egin dute eta AHTko prekarietateaz eta Ikuskaritzaren jarreraz ere bai. Hain zuzen, trenbideko obretako lan baldintzez ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz institutuak argitaraturiko Zuloan liburuaren ale bana eman die batzordeko talde politikoei ELAk.
"Zuek zer egingo duzue?"
San Josek azaldu duenez askotan egon izan dira halako foroetan azalpenak ematen eta “eskrupulorik gabeko politikari horiek ez dute esaten duzuna zalantzan jartzen, frogak hor daudelako, baina gero beste aldera begiratu eta ez dute ezer egiten”. Zentzu horretan, galdera zuzena plazaratu die Batzar Nagusietako ordezkariei: “Zuek zer egingo duzue?”
Ahal Duguko batzarkide Mónica Morak oso larritzat jo ditu entzundakoak eta azaldu du saiatuko direla Aldundiak “kontrol neurriak ezar ditzan”. EH Bilduko ordezkariak, Judit Garciak, bere aldetik, beharrezko ikusi du kontratazio publikoetan klausula sozialak ezartzea eta halako egoerak gerta ez daitezen jarraipena egiteko diru-baliabide gehiago ere behar dela azpimarratu du: "Alarma guztiak piztu dituzue".