argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako metalgintzan Adegik bere eskaintza “behin betiko” erretiratzeko mehatxua egin du
  • Sindikatuen artean ez da akordiorik izan Gipuzkoako metalgintzako negoziazio mahaiko azken bileran. ELAk Adegiren proposamenari baiezkoa eman dio, baina beharrezkoa du beste sindikatu baten babesa, eta LABek, CCOOk eta UGTk ez dute onartu. Patronalak egun batzuetako epea eman du, eta ondoren eskaintza “behin betiko” erretiratuko duela jakinarazi du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko urriaren 02a
LABen elkarretaratze bat Gipuzkoako metalean hitzarmen duina eskatzeko (arg.: LAB)

Uztailean hasi zituzten bilerak Gipuzkoako metalgintzan langileen ordezkaritza duten sindikatuek eta Adegik. Sei bileraren ondoren, bi aldeen arteko jarrerak gerturatu dira, patronalak hitzarmenean hainbat puntu onartu baititu, besteak beste azken urteetako soldatak atzerako eraginez %8,8 igotzea, KPIren araberako igoera hemendik aurrerako soldatetan –KPI negatiboa denean izan ezik–, lan-erreformatik blindatzeko klausulak, ultra-aktibitate mugagabea…

ELA izan da eskaintza hori begi onez ikusi duen bakarra. Ostegun arratsaldean publiko egin zuen baiezkoa emango ziola Adegiren proposamenari: “Edukiak paregabeak dira, ez dago Euskal Herrian halako hitzarmenik”, azaldu du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Orain arteko soldatetan, esaterako, 1.000 eta 3.000 euro arteko igoerak izan ditzakete langileek, ELAren esanetan.

Aldiz, beste sindikatuak ezkorragoak izan dira eta LABen ustez ELAren “azken uneko” iragarpenak arriskuan jarri du metalgintzako hitzarmena bera; horregatik, nahiz eta Adegiren eskaintzan alderdi “positiboak” atzeman, ez du bat egin ELAk “erakutsitako presa eta erabakiarekin”. LABen ustez hitzarmenean badaude hobetzeko gauzak, berdintasunari edo lan osasunari dagokienean esaterako.

ELAk Gipuzkoako metalean %49ko ordezkaritza dauka, baina hala ere Adegiren eskaintzak beste sindikatu baten babesa behar du, hitzarmena sinatu ahal izateko. Ostiral honetako bileran baina, ez da adostasunik izan eta LABek, UGTk eta CCOOk ezezkoa eman diote berriz ere.

Adegik behin behinean erretiratu du eskaintza eta jakinarazi du “egun batzuk” utziko dituela sindikatuen artean egoera aztertu eta adostasunera irits daitezkeen ikusteko, bestela “behin betiko” erretiratuko duela.

Puntu honetara iritsita, bai patronalak eta bai ELAk negoziaziorako ibilbidea amaituta ikusi dute: “Azken bileretan oso garbi geratu da prozesu baten amaieran geundela –azaldu du Lakuntzak–, eta negoziazio bat amaitzen denean bi gauza egin daitezke: edukiak ontzat ematen dira, eta gure ustez edukiak oso onak dira, edo gatazka eta grebara jotzen da”.

LABek baina, “akordio batera iristeko konpromisoa” berresten duen beste proposamen bat eraman du azken bilerara, “negoziagarria eta lorgarria”, sindikatuak ohar bidez jakitera eman duenez, eta adierazi du ez duela “xantaiarik” onartuko.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak 40.000 langileri eragiten dio; lurralde horretan langile gehien biltzen duen sektorea da eta hamar urte darama berritu gabe.