Metaleko lan hitzarmen sektorialaren negoziazioak adostasunik gabe amaitu dira. Gipuzkoako Lan hitzarmena mantentzeko aukera guztiak galdu dira, hitzarmena igandean indargabetzen baita.
Atzo Adegik ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin egin zuen bileran ez zen hurbiltzerik egon, alde bakoitzak bere postura defendatu zuen. LAB, CCOO, eta UGT sindikatuek azken proposamen bezala lan erreformaren aurkako klausulak ezartzea eskatu diote patronalari. Patronalak ezezko borobila eman dio proposamenari, esanez Espainiako Estatuko lan hitzarmenak klausula horiek gabe adosten direla.
ELA sindikatuak salatu du Adegik “made in Spain” negoziazio bat nahi duela eta lan erreformak eskaintzen dizkion abantaila guztiak erabiliko dituela langileen aurka.
LABek esan du lan hitzarmena “ez dagoela hilda” langileak borrokarako prest dauden bitartean, eta Adegiri eskatu dio utz dezala alde batera lan erreforman oinarritu duen “negoziazio eredu inposatzailea”.