argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako lau obratan ez da eraikuntzako hitzarmena errespetatzen, LABek salatu duenez
  • AHTaren zati batean, adibidez, langileak “egunean hamaika orduz” jarduten dira, sindikatuaren arabera. Horrez gain, “azpikontratazioaren bidezko amarruak” ere salatu dituzte.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 09a

LABek ostegun honetan adierazi duenez, “lan hitzarmena ez betetzea eguneroko ogia da eraikuntzan”. Hainbat obra ikuskatu dituzte sindikatuko kideek, eta Gipuzkoako lau obra Lan Ikuskaritzaren aurrean salatzea ebatzi dute, herrialdeko ituna haustea egotzita.

Obra horietako bi publikoak dira. Bata abiadura handiko trenak Arrasate, Elorrio eta Bergarako lurrak zeharkatzen dituen tartea da. Bertan, LABen ustez, langileek zortzi orduko jardunaldiak erregistratzen dituzten arren, “egunean hamaika ordu egiten dituzte”. Sindikatuak adierazi duenez, “dokumentuen faltsutze delitua” litzateke jarduera irregular hori.

Salatu duten beste obra publikoa Gipuzkoako Ogasuneko eraikinaren fatxadaren berrikuntza-lanena da. Arabako enpresa bati esleitu zion obra Gipuzkoako Foru Aldundiak, Indenort SLri. Indenortek, bitartean, Bizkaiko beste enpresa bat azpikontratatu zuen, Euskogres SL. Horrek, ordea, beharginei Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena aplikatzen diela ohartarazi du LABek.

Donostiako Igara auzoko zahar etxe bateko eraikuntza eta Astigarragako etxebizitza batzuena ere salatu dute Lan Ikuskaritzan. Bi horien atzean Burgoseko eta Madrilgo azpikontratak daude, eta bertako hitzarmenak aplikatzen dituzte.

Azpikontratazioa

Hitzarmen kolektiboa saihestearen ondorioz “ez da langileek jaso beharreko gutxieneko soldata errespetatzen”. Lau salaketen erro komuna seinalatu du LABek: kostuak merkatzeko azpikontratazioa. Sindikatuaren iritziz, erakunde publikoak “hitzarmena ez betetzearen erantzule” dira, hots, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.