argia.eus
INPRIMATU
Landa Emakumeak Gara
Gipuzkoako landa eremuko emakumeen saretzea bultzatzeko ekimena

Garazi Zabaleta 2021eko irailaren 30a

Gipuzkoako sei Landa Garapen Elkarteak biltzen dituten entitatea da Landaola. Herri txikietan eta baserri-auzoetan bizi diren emakumeen arteko elkar ezagutza eta saretzea sustatzeko asmoz, Landa Emakumeak Gara egitasmoa abiatu berri du orain elkarteak, emakumeen ekarpenari aitortza egin eta haien lana ikusgarri egiteko asmoz. Sormen-lehiaketa da proiektutik antolatu duten lehen ekimena; urriaren 15era arte aurkez daitezke lanak.

Sormen-lehiaketa, hausnarketa bultzatzeko

Landa emakumeak eta bizikidetza izanen da lehiaketako gaia, eta Gipuzkoan erroldatuta dauden emakumeei zuzendu diete ekimena. “Begirada ezberdinetatik landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruko hausnarketak jaso nahi ditugu”, diote antolatzaileek. Euskarri grafiko bat (argazkia, irudia, marrazkia, collagea…) aurkeztu beharko da, hausnarketa-testu txiki batez lagunduta, eta biak baloratuko dira maila berean. Landaola.eus/lehiaketa web-orrian aurkeztu beharko dira lanak, urriaren 15a baino lehen.

Jasotako sormen-lanak adinaren araberako hiru kategoriatan banatuko dituzte, eta horietako bakoitzean hiruna sari egonen dira: 600 euro lehen postuan gelditzen direnentzat, 450 bigarrenentzat, eta 300 hirugarrenentzat. Epaimahaiaren sariez gain, publikoarena ere izanen da: bi lagunentzako gaua eta gosaria Gipuzkoako landetxe batean. Behin lehiaketa bukatutakoan, lanak ikusgai jarriko dituzte Landaolaren webgunean, eta erakusketa ere antolatuko dute abenduan. “Sormen-lehiaketatik sortutako hausnarketak, irudiak eta bideoak landa-emakumeekin sustatu nahi den saretze lan horren baitan aurrerago burutu daitezkeen dinamiketan erabiltzeko lan tresna bezala ere erabiliko dira”, diote.

Elkar-ezagutza eta kolektiboaren indartzea

“Landa Emakumeak Gara egitasmoarekin emakumeen bizitzetan eragina duten gaiez elkarrekin hausnartzeko espazioak bultzatu nahi ditugu”, diote elkartetik. Herrietako emakume taldeen nahiz bananakoen arteko elkar ezagutza sustatu nahi dute, harreman horretatik gune eta ekimen kolektiboak sortzeko. Emakumeen ikusgarritasuna lantzeko bide horretan ekimen gehiago ere egin izan dituzte Landaolan. Aipatzekoa da, esaterako, Landaola sarietan Gipuzkoako emakumeek lehen sektorean edo landa eremuan abiatutako lanak saritzen dituen atala.

“Emakume horien lana bertako bizitzan giltzarri bada ere, zoritxarrez, ezezaguna da gizarteko gainontzeko biztanleentzat”, azaltzen dute elkartetik. Dena den, azken urteetan aldaketa sumatzen ari direla diote: “Emakumeek, betetzen duten funtsezko papera gizarteratzeko eta aldarrikatzeko bidea hartu dute, eta ahalduntze indibidual eta kolektiboan pausoak ematen ari dira”. Bada, aldaketa hori bultzatzea eta ahalduntze horretan sakontzen laguntzea da egitasmo berri honen helburua ere.