Basherri Gipuzkoako kontsumo talde eta kooperatibak biltzen dituen sarearen festa egingo da hilaren 16an Beasainen. Besteak beste, kontsumo taldeetan aintzat hartzen diren irizpideen lanketa egingo dute parte hartzaileek: asteroko otarretan laborariak orotariko barazki ekologikoak eta garaian garaikoak sartzen ote dituen, kopurua edota prezioa egokiak diren, taldeko kideek proiektuan aktiboki parte hartzen duten eta abar.
Goizeko 11:00etan hasiko da festa, babarrun lehiaketarekin. Ordu erdi beranduago hasiko da kontsumo taldeen inguruko eztabaida, eta 14:30ean bazkari herrikoia egingo da. Ondoren, 16:30ean, antzerki emanaldia izango da.
Halaber, egun osoan zehar azoka, saskien zozketa, pintxo dastaketa eta abar izango dira.