EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio errekurtsoaren ebazpenaren zain geratuko dela. Bien bitartean, beraz, kirol klub batean izena eman nahi duten 13 urtetik beherakoek ez dute derrigorrez Multikirol programan parte hartu behar.
Iragan urtarrilean eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak eskola kirolaren aurkako epaia, Pasaiako familia batek aurkeztutako errekurtsoari helduta, eta aferak eztabaida berpiztu du, umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik.
Aurten 17.910 haur ari dira eskola kirolean Gipuzkoan, eta haietako 11.283 ari dira jokatzen klub batean –gutxienez–. Haur horiek, beraz, Aste Santuko oporren bueltan eskubidea izango lukete eskola kirolean ez jarraitzeko –lauzpabost aste falta zaizkie Multikirol egutegia amaitzeko–. Litekeena da EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak bukatzear den ikasturtean eragin handirik ez izatea, baina 2025-26koan bestelakoa izan daiteke egoera.
Goizane Alvarez Kirol diputatuak azaldu du euren konpromisoa dela "eskola kirolaren eredu ez baztertzaile bat eraikitzea", eta haur guztiek izan behar dutela "kirola egiteko eskubidea". Eskola kirolaren bueltako eragileekin lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du, berrestearekin batera erakunde publikoei dagokiela kirola egiteko eskubidea babestu eta sustatzea. Bitartean, Espainiako Auzitegi Gorenak zer erabaki zain geratuko da Diputazioa.