argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Ikastolek hartu dute lekukoa
  • Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du gaur eguerdian (urriak 4) Kilometroetako lekukoa Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Zubimusu Ikastolako arduradunen eskuetatik. Gipuzkoako Ikastolen esku geratu da, beraz, 2021. urteko Kilometroak antolatzea. “Arduraz eta erantzukizunez” jokatuko dutela adierazi du Artolak, Gipuzkoako Ikastolek baldintzei egokitutako Kilometroak egiten jarraituko dutela.

Aiurri aldizkaria @@Aiurri 2020ko urriaren 05
Argazkia: Aiurri.

Erakunde ezberdinetako, ikastoletako nahiz herrigintzako ordezkariak Zizurkilgo Zubimusu Ikastolan bat eginda eman zaio hasiera pandemia egoerak hala behartuta egokitu den Kilometroak egunari. Harrera egin, eta aurtengo ediziorako prestatutako bideoklipa aurkeztu ondoren, Zizurkilgo Joxe Arregi plazara abiatu dira guztiak hamarnakako taldeetan. Bertan Alaitz Ormazabalek abestutako aurreskua dantzatu dute Bukalai dantza taldeko dantzariek. Odei Esnaola kazetari amasarrak egin ditu aurkezle lanak, eta Juan Kruz Igerabidek 2020 Kilometroak jairako idatzitako ‘Pinpilinpauxaren bidea’ ipuina irakurri du aurkezpenean zehar. Zubimusu Ikastolaren izenean, eskerrak eman dizkie Joxe Arregi plazara gerturatu diren ordezkari guztiei, eta taula gainera gonbidatu ditu Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzue eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzola; Nerea Zumeaga, Zubimusu Ikastolako zuzendari-gerentea; Mikel Ugarte, Zubimusu Ikastolako lehendakaria; Nekane Artola, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia.

Iaz Zarautzen hartutako lekukoari egin diote keinu Amasa-Villabona eta Zizurkilgo alkateek, egun hartan esandakoak mantentzen dituztela esanez: “Euskara eta euskal kultura zabaltzen jarraitzea. Gure amona eta aitonek izan zuten helburu berdina. Haien eskutik jaso izan dugu lekuko hori, orain egurrezko irudi batekin irudikatzen dena”. Kilometroak jaiko lekukoa, ordea, egurrezko pieza bat baino gehiago dela aldarrikatu dute bi alkateek, “gure nortasuna, sentimendua, harrokeriarik gabeko harrotasuna, hizkuntzak ematen digun herri izaera, txikia izanagatik ere handia den gure ondarea”, irudikatzen baitu.

Unzuek eta Urruzolak etorkizunera ere begiratu dute: “Garrantzi handikoa izango da 2021eko eta datozen urteetako lekukoa hartuko duten ikastolak eta herriak, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitzeko zeregina izango baitute”. Etorkizun horretan Zubimusu Ikastolak berriz ere lekukoa hartuko balu, “oholtzaren gainetik edo behetik babes osoa eta lanerako prestutasuna” izango dutela adierazi dute bi alkateek.

Hezkuntzaren garrantzia balioan jartzeko garaia

Euskara eta euskal kultura mantentzeko ikastolen sorrera eragin zuten beharrak gogoratuz, “gaur egun ere, ikastolek aurrera jarrai dezaten, oraindik irakasleen eta gurasoen inplikazioa ezinbestekoa” dela adierazi du Mikel Ugarte, Zubimusu Ikastolako lehendakariak, eta hezkuntzari behar duen garrantzia emateko eskatu die instituzioei. Hala, gaineratu du, arduradunek kontziente izan behar dutela hezkuntza sektoreak barne produktu gordinaren %100 betetzen duela, “gaurko eta biharko ikerlariek, irakasleek, medikuek, lorezainek, kale-garbitzaileek, arkitektoek, zaintzaileek, ingeniariek, enpresariek… guzti-guztiok, hezkuntza sistema baitugu oinarri”. Aurrekontuak prestatzerako orduan, “hezkuntza sistema osoaren beharrak ase” beharko liratekeela adierazi du Zubimusu Ikastolako lehendakariak, “are gehiago osasuna ere jokoan dugun garai hauetan”. Ikastolako komunitateak hor jarraituko dutela gehitu du, “auzolanean”, baina horretarako baliabideak eskatu ditu Ugartek: “Mesedez, emaiozue hezkuntzari behar duen eta benetan duen garrantzia”.

Erreparazio beharra

Besteak beste, osasun pandemiaren ondorio bortitzez eta horien erreparazioari begira jartzeko beharra azpimarratu du Artolak, “izan ere, egunerokoan ikastoletan langileak, familiak eta ikasleak pairatzen ari direna ez baita erraza. Egoera honi eustea ez da samurra izango. Beldurra sartu zaigu barru-barruraino, eta distantziamendu baldintzek eta baldintza pedagogikoek haurren zein nerabeen garapen emozional, mental eta fisikoan eragina izan dute, eta izango dute”.

Euskara ere hizpide izan du Artolak, sei hilabeteko etenak hezkuntza beharrak, arazoak eta ezinak gehiago azaleratu baititu. Hala, hezkuntzari dagokionez, dagokien erantzukizun eta arduratik betiko aldarrikapenari inoiz baino sendoago helduko dietela gaineratu du: “Murgiltze eredua hezkuntza sistema osoan”. Zentzu honetan, baina, bakoitzak bere esparruan duen ardura eta erantzukizunari heldu behar diola aldarrikatu du”.

Aurrera egiteko baliabideak eskatu ditu Artolak: “Jakin badakigu erkidegoko hezkuntza sailarekin batera badagoela lanerako esparru bat irekita, baina baliabide horiek zenbatekoak izango diren eta noiz izango ditugun jakiteak urgentzia du”.

Krisi egoera hau “ikastolen arteko sareak indartzeko, gure komunitateari parte hartze eremu berriak zabaltzeko, eragileekin harremanak sendotzeko eta herritarrekin batera gure hezkuntza sistema goitik behera eraldatzeko” aprobetxatu behar dela adierazi du Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak. “Denon beharra dugu, euskalgintza, kulturgintza, herrigintza, hezkuntza eta administrazioa. Elkarren beharra dugu, elkar zaindu behar dugu baldin eta Euskal Herri bizia nahi badugu”.

Zubiak

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Zubimusu ikastolaren herri arteko izaera aintzakotzat hartuta, ikastolek jokatzen duten "zubi" papera azpimarratu du. “Beren inguruko herritarrak, belaunaldi ezberdinak, izaera anitzeko jendea batzen dute ikastolek. Halako zubiei esker eraikitzen dugu Euskal Herria, euskal komunitatea. Gaur egun bizi dugun garai zailetan, ziur nago herri edo komunitate izaera horrek ere lagunduko digula aurrera ateratzen”, adierazi du. Olanok, amaitzeko, euskararen aldeko konpromisoa berretsi du eta eskerrak eman dizkie Kilometroak zikloaren antolakuntzan aritu diren guztiei, pandemiak utzitako oztopoen gainetik egindako lanagatik.

Azaroaren 13an Donostiako Kursaal-ean egingo den Ikastolatik Herrira ekitaldirako gonbidapena eginez amaitu da 2020ko Kilometroak eguna.

Amona eta aitonei omenaldia

Zizurkilgo ekitaldia amaituta, 12:00etan Villabonako Txermingo ikastolako ganbaran egin da Kilometroak zikloari amaiera emateko azken ekitaldia. Amona eta aitonei zuzendutako eskertza goxoa izan da: egin duten lan guztiagatik eta egiten jarraitzen dutenagatik, erakutsitako jakintzagatik, euren borroka eta saiakeragatik. Kilometroak 20ko arduradunek argi izan zuten hasieratik urtean zehar amona eta aitonak omendu nahi zituztela, “eta gutxiegitan esaten bada ere, maite zaituztegula esan nahi dizuegu”, adierazi du Mikel Ugarte Zubimusu Ikastolako lehendakariak: “Asko du zaharrak irakasteko, eta berriak ikasteko; eta hori arlo ezberdin askotan aplika genezake. Esate baterako, Kilometroak antolatzerakoan behin eta berriro esan genuen eredu berria geneukala oinarri. Baina eredu berri honek eredu zaharraren iturritik edaten du; lehen urte haietan zituen helburu gehienak bere horretan mantentzen baitira oraindik ere. Berriari balioa ematen diogu, baina berria zaharretik dator: zaharrik gabe ez dago berririk. Gure eskerrik beroenak lehen urte haietan ikastolak nahiz beste mugimendu asko sortu eta sustatu zituzten guztiei”. Amona eta bilobaren elkarrizketa, txalaparta doinuak, dantzarien emanaldia, irrintziak... osagai ugari izan ditu ikuskizunak. Amaieran Kilometroak 20ko bideoklipa eskaini zaie ekitaldira gerturatutako ikusleei; besteak beste, Zubimusu Ikastolako ikasle ohi Nagore Arin, Irune Alfonso eta Irene Larrañagak osatu dute lana. 

Musikari egin zaio tartea azkenik. Olaia Toral kantariak, (Zubimusuko ikasle ohia hau ere), gitarraren laguntzaz eta ahots ederrez, euskal kantutegiko kantu ezagun ugari eskaini du. Doinu goxoak entzun eta abestuz eman zaio amaiera Zubimusu Ikastolaren Kilometroak 20 zikloari.