ELAk Gipuzkoako sorosleen lan prekarietatearen berri eman du eta Gurutze Gorria eta udalei egoera honetan “bustitzeko” eskatu die. Ostiralean prentsaurrekoa egin dute Donostiako Kontxan.
Gipuzkoan zortzi udalek dute hondartzen jabetza: Hondarribia, Donostia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku. 100 sorosle inguru ari dira zerbitzuak ematen eta guztiak Gurutze Gorriak kontratatutakoak dira; udaletxeak zerbitzuak azpikontratatu egiten baititu.
Sorosle denak aldi batekoak dira nahiz eta askok urteak daramatzaten lan hori betetzen. Hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dute (urtean 11.412,80) eta Gurutze Gorriko Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen zaie. ELAk salatu du, “egoera hau ez datorrela bat sorosle hauek euren lan jardunean hartzen duten ardura mailarekin”.
Egoera honen aurrean soluzioak emateko “exijitzen” diete udalei eta Gurutze Gorriari, “ezin ditugulako gure hondartzetan, munduko hondartza onenetakoak bezala kontsideratuta dauden hondartza horietan, lan baldintza hauetan lanean ari diren sorosleak izan”.
“Lan baldintza hauek duintzeko” ELAk sorosleekin lanean jarraituko duela adierazi du eta hurrengo asteetan mobilizazioei ekingo dietela gaineratu du.