Zubietako erraustegitik behera doan errekan ehunka arrain hilda agertu ostean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) prentsa oharra egin zuen publiko igandean. Egindako zenbait adierazpen gezurtatu ditu GuraSOS elkarteak, eta GHKri leporatu dio bere erantzukizunen itzurian ibiltzea.
Larunbatean jakin zen Gipuzkoako erraustegitik behera doan Aitzerreka errekan ehunka arrain aurkitu zituztela hilik, eta baliteke isuri toxiko bat izatea eragilea. ARGIAri lekuko batek adierazi zionez, "erraustegitik behera dator erreka, ez dago eragina izan dezakeen bestelako jarduerarik hemen. Erreka osoa hilda dago".
Errauste planta kudeatzen duen erakundea da GHK, eta beronek plazaratutako prentsa oharrean, ukatu egiten da errekara isurketarik egin izana. Argudiatu duenez, erraustegian erabiltzen den uraren zirkuitua itxita dago, eta erreketara soilik euri ura isurtzen da. Auzia argitzea URA agentziari dagokiola gaineratu du.
GHK-k egindako adierazpenekin kritiko agertu da GuraSOS elkartea. GHK-ri leporatu dio gertakari dagokionez dituen erantzukizunen itzurian ari dela, eta azpimarratu du une honetan baimenik gabe –eta ondorioz kontrolik gabe– ari dela funtzionatzen.
Elkarteak gezurtatu egin du erraustegiak errekara isuri toxikoak jaurtikitzea aurreikusten ez duenik, GHK-ren oharrean ulertzera ematen denaren kontrara. Horri gehitu diote erraustegiak posible duela plantatik kanpora isurketak egitea, deposituaren mantenuak hala eskatuz gero.
Gertakaria argitzeko eginkizuna URA agentziaren eskuetan egoteak ez du bermerik eskaintzen “zoritxarrez”, GuraSOSen arabera. Ildo horretan, argi mintzatu da: “Independentziaz zuzendutako egitura teknikoak izan behar zirenak zuzendaritza politikoa duen administrazio baten zati besterik ez dira”. Gaineratu du URAren zuzendaritza Ernesto Martinez De Cabredoren eskuetan dagoela, zeina Zuribar SL enpresako presidente den; enpresa horrek aholkularia Ignacio Barinaga Eguia da, Verter Recycling 2012 enpresako nagusia.
GHK-k adierazi duenez, URA agentziak isurien arduraduna nor den argituko du, aurretiaz antzerako gertakariak jazo izan direnean egin izan duen eran. Adierazpen horrekin iritzi publikoak ezagutu ez dituen gertakariak jazo izan direla ondorioztatu daiteke GuraSOSen arabera. “Baieztapena arraroa da, kontuan hartuta Josu Perea URAko teknikariak azken hamar urteetan horrelakorik gertatu ez dela azaldu duela gaur goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean”, egin du irakurketa elkarteak.