15:00 Eugenia Arrizabalaga EAJko Gipuzku Buru Batzarreko bozeramaileak gaur eguerdian adierazi du Bilduk "modu autoritarioan" ezarri nahi duela atez ateko sistema, eta ez duela herritarren parte hartzea aintzat hartu. Atez atekoari buruz, Arrizabalagak esan du sistema horrekin gehienez ere %80 birzikla daitekeela (eta ez %90, Bilduk esan bezala), eta beste %20ak ezin ordainduko kostua lukeela. (Iturria: Berria.info)
09:00 Gipuzkoako 34 udalerri gehiago 2013an beren hiri hondakinak Atez Ate gaika biltzen hasiko dira, atzo prentsaurreko batean Oñati eta Lezoko alkateek jakitera eman zutenez. 34 herriotan gehi dagoenekoz Atez Ateko bilketa darabilten Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolakoak batuta, 2013 bukatzerako hamar gipuzkoarretatik kasik lauren etxeetako hondakinak kudeatuko dira sistema horrekin. Gaur hasi eta ondoko asteetan udal bilkuretan gaia landuko dute udalotan.
Gaur Legorretako udal batzak aztertu eta erabakiko du hondakin bilketa sistemaren aldaketa. Otsailean eta martxoan Lezo, Billabona, Zizurkil, Bergara, Astigarraga, Segura, Zestoa, Anoeta, Irura, Legazpi, Ormaiztegi, Lazkao, Oñati eta Zumaian egingo dute gauza bera; apirilean Berastegi, Zaldibia, Asteasu, Alegia eta Azpeitian; maiatzean Ibarra, Tolosa, Mutriku, Ataun, Mendaro, Eskoriatza, Aretxabaleta, Pasaia eta Zarautzen; eta ekainean Ordizia, Deba, Arrasate, Orio eta Getarian.
Gaur egun Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolan dago atez atekoa —laurak Gipuzkoan—, eta Bilduk adierazi du oso gustura dagoela. "Beste sistemekin %25 birziklatzen da eta atez atekoarekin %90. Zaborra kontrolik gabe sortu izan dugu eta atez atekoa da gaurko sistemen alternatiba bakarra", esan dute Bilduren izenean Ainhoa Zabalo Lezo alkateak eta Mikel Biain Oñatikoak.
Alkateok esan dute herri horiek guztiak Zero Zabor estrategian murgilduko direla, horrela etenez azken urteotan "Gipuzkoako ingurumena eta gipuzkoarron osasuna arriskuan jartzera eraman gaituen inertzia". Herritarrengan konfindantza dutela esan zuten, hondakinak murrizteaz gain sortutako gehienak birziklatzea lortuko dutela, tartean hondakin organikoaren konpostaketa sustatuz, eta Gipuzkoarako aurreko legealdietan aurreikusita zegoen Errauste Plantaren beharrik ez dela izango.