Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu dute 9. edizioa. Moldaketak egingo dituzte, Foru Aldundiaren babes ekonomikorik gabe gelditu direlako.
Donostiako Egia auzoan,Teila Fabrikan, abenduaren 12an, aurkeztu dute KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolaren 9. edizioa. Eskolaren helburua ekintzaile izango diren pertsonei klabe kooperatibo eta sozialetan hezteko baliabideak ematea da.
Jendaurrean hitz egin dute aurrez eskola horretan aritutako hainbat ekintzailek. Gorka Sanchezek Mazedonia diseinu estudioa aurkeztu du, eta Ainhoa Etxeberria, Marta Otegi eta Saioa Royok JantziLab kooperatiba. Sortzaileak dira, ekintzaileak. Haien lana pasioz beteta egiten dutela transmititu dute jendaurreko agerraldian. Alabaina, ez dirudi sormena eta lanerako grina nahikoa direnik kooperatiba bat martxan jartzeko. Bi proiektuek hartu dute parte KoopFabrikaren ekintzailetza eskolan eta bietako kideek azpimarratu dute eskolak emandako laguntza. Saioa Royo JantziLabeko kideak adierazi du errealitatearekin lotu dituela eskolak: barne araudia egin, administrazioarekin nola bideratu harremanak, soldatak, gastuak… Mazedonia diseinu estudioko Gorka Sanchezek eskoletan jasotako formakuntza teorikoa azpimarratu du, eta ondoren, bidelaguntzaren bidez, teoria hori dena lurreratzen lagundu diola gaineratu du.
Urtarrilaren 28an hasiko dira saioak Egia auzoko Teila Fabrikan
Doan da eskola eta izena eman behar da webgune honetan. Bost formazio saio egingo dituzte ondoko gaien ingurukoak: ekonomia sozial eraldatzailea eta kooperatibismoa; ekonomia feminista eta antiarrazista; komunitatea eta lurralde-eraldaketa; lan-arloa eta administrazioa; iraunkortasun ekonomikoa eta finantzazioa. Otsailean saioak bukatuta, martxoan bi bidelaguntza kolektibo egingo dituzte. Saio horietan KoopFabrikako bidelagun taldeko kideek proiektuetan hurrengo pausoak ematen jarraitzeko laguntza eskainiko diete ekintzaileei.
Zortzi edizio
2017an jarri zen abian eskola, eta orduz geroztik, 725 pertsonak hartu dute parte; %60 emakumeak, %39 gizonak, eta %1 ez-binarioak. 75 proiektu lagundu dituzte: Donostian (19), Beterri-Buruntzan (16) Gipuzkoako eremu osoan (12), Urola-Kostan (8), Oarsoaldean (7), Tolosaldean (5), Debagoienan (3), Bidasoaldean (3) eta Goierrin (1). Proiektuek hainbat forma hartu dituzte: kooperatibak (28), elkarteak (22), autonomoak (12), bestelako forma juridikoak (8) eta eten diren egitasmoak (4).