argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundiak 2.000 euroko isuna jarri dio A8ko trafiko-zarata arintzeko panelak eskatzen ari den Mendaroko bizilagunari
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.000 euroko isuna jarri dio Joseba Olazabali, A8 autobideko trafiko-zarata gutxitzeko Mendaron panel akustikoak jartzeko eskatzen ari den gizonari. Urriaren 21eko data du Olazabalek jaso duen gutunak eta bere protestekin bide segurtasuna arriskuan jartzea leporatzen diote bertan.

Barren .eus @barreneus 2019ko azaroaren 19a

Era berean, kartelak kentzeko eta “autobidearen erabiltzaileek arreta galtzea eragin dezaketen jarduerarik” ez egiteko agindu diote. Olazabalek berak egin du publiko isuna, eta adierazi du ez duela etsiko. “Kartelak jartzen hasi nintzenetik 50 bat milioi auto pasatuko ziren gure etxe aurretik eta ez dut istripu bakar bat eragin. Gure bizi-kalitatea hobetzeko ematen diegu botoa agintariei, eta Mendaroko kasuan, okerrera goaz nabarmen. Diputatuari ere esan nion haientzat albo-ondorioak garela eta gozoa jarri zen!”, dio sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean. Hainbat herritarrek babesa agertu diote eta ekinbideetan laguntzeko prest azaldu zaizkio.

Aurrez, duela bi urte ere, autobideko erabiltzaileen "arreta galtzea eragin dezaketen jarduerak" egiteari lagatzeko eta kartelik ez jartzeko Aldundiak bidalitako errekerimendua jaso zuen Olazabalek.