argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko du Uliazpiko epaiaren aurka
  • Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak konpromisoa adierazi du erabiltzaileen eta herritarren hizkuntza eskubideak "muturreraino" defendatzeko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 03a

Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko du Uliazpiko epai euskarafoboaren aurka. 34 zaintzaile publikori oposizioetan euskara eskatzea legez kanpokotzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiak aste honetan, Uliazpi Fundazioan. Epaiak hautsak harrotu ditu; besteak beste, ostegunean elkarretaratzea egin zuten Uliazpi Fundazioko langileek epaiaren aurka eta hizkuntza eskubideak defendatzearen alde.

Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak bere "sumindura" eta "desadostasun irmoena" adierazi ditu epaiaren aurrean. Hala, erabiltzaileen eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko norabidea “muturreraino” eramango duela jakinarazi du: “Administrazioari dagokio gure zerbitzuetako familiei eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzea eta horrek eskatzen du erabiltzaileen hizkuntza aukerak bermatzea".

Azkenik, azpimarratu du Aldundian azken 40 urteetan egindako "lan progresibo eta adostuari" esker direla gai "zerbitzu guztiak herritarren hizkuntza hautatuaren arabera" emateko.