argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Foru Aldundiak balio handiko harizti bat suntsitu du Martutene eta Astigarraga artean
  • Itsas Enara eta Haritzalde elkarteek salatu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapekoak diren obra batzuetan inguru horretako harizti bakarrenetakoa suntsitu dute.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 26a
Argazkia: Haritzalde Naturzaleen Elkartea

Martuteneko 27 Poligonoa eta Astigarraga lotzeko errepide berria ari dira egiten, eta obra horien hasieran 80 urte inguruko haritz handiak moztu dituztela salatu dute Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Haritz handiez gain, bestelako hainbat motako zuhaitzak ere bota dituzte: gereziondoak, zumarrak, lizarrak... Horrez gain, zuhaitz mozketak animalien ugal garai betean egin izana ere salatu dute elkarteek.

Ohar batean azpimarratu dutenez, larrialdi klimatikoa deklaratu arren Gipuzkoako Foru Aldundiak "autoen erabilera sustatzen eta eremu naturalen kaltetan doazen errepide-diseinuen alde egiten" jarraitzen du. Biodibertsitatea babestu beharrean oso balio handiko haritzak, ordezkaezinak, bota izana eta biotopo hartako bizitza aberatsa, mehatxaturiko fauna espezieak barne (muxar grisa eta okil txikia), suntsitzea deitoratu dute elkarteek. Bestalde, aspalditik aldarrikatzen ari diren Donostiako gerriko berdean Antondegi eremuak, zuhaitzak bota dituzten lekuak, garrantzia handia duela azpimarratu dute behin eta berriz. Horren kontra, eraikitzen hasi diren errepide berria kontrako norabidean doala adierazi dute, Lau Haizeta eta Antondegiren arteko lotura naturala zailduz, eta Donostiako gerriko berdea narriatuz.

Triskantza eginda dagoela esan dute Haritzalde eta Itsas enara elkarteek, baina oraindik errepide berrian fauna pasabideak txerta daitezkeela esan dute, Antondegi eta Lau Haizetaren arteko komunikazioaren arazoa leuntzeko. Proposamena dagoeneko Aldundiari egin diotela adierazi dute, eta haren esku dagoela proiektuaren beste akats larri bat zuzentzea.

Salatu dutenez, azkeneko urteotan gero eta gehiago dira Donostiako gerriko berdearen integraltasuna eta kalitatea arriskuan jartzen ari diren proiektuak, eta Administrazioak horiek geldiarazi beharrean sustatu egiten ditu. Larrialdi klimatikoaren deklarazioarekiko kontsekuenteak izan eta Donostiako gerriko berdea babesteko deia egin dute.