argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Foru Aldundia PIGRUG 2019-2030 bideratzen hasi da
  • Jose Antonio Asensio Ingurumen diputatuak aurkeztu du 2030era arte Gipuzkoako hondakinen plan nagusi izan behar duenaren tramitazioa martxan jartzea, bederatzi hilabeteko bidea egingo duena.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko ekainaren 04a

EAJ-PSE bikokteak Zubietako erraustegia eta hura osatu behar duten azpiegiturak –TMB, eskorien tratamendua...– amaitzen direnerako eduki nahi du lege bihurtuta Gipuzkoako hondakinen plan nagusia, siglak erdarazko izenetik hartuta PIGRUG 2019-2030 edukiko duena (euskarazko GHHKPO ez du inork erabiltzen, gaztelaniaz sortu eta euskarara itzulitako dokumentazioetan baizik). Hala agindu du Jose Antonio Asensio diputatuak prentsari egin dion aurrerapenean.

Gipuzkoa 2030erako birziklatze tasan %65era iristea izango omen du helburu. Konparazio bat egiteko, 2030rako 21 urte eramango ditu %80 inguruko birziklatze tasak edukitzen 2009an gaikako bilketa orokortuan (Atez Atekoa) hasi zen Usurbilek.

Ekonomia zirkularraren eta klimaren aldaketa mugatzeko politikaren parametroetan kokatu du Asensiok PIGRUG berria eta zero zabor helburua ere aipatu du. Hala ere, zabortegirik gabeko sistema bat aipatzean euskarazko bertsioak ez daukan xehetasun argigarri bat badu gaztelaniazkoak: euskaraz "ondorioz 0 zabor isurketa eragingo duena" dioen moduan, gaztelaniaz "un vertido 0 de residuos primarios" dio. Beraz, aurretik Bizkaiko agintariek egin zuten moduan, Gipuzkoakoek ere erabaki dute erraustegitik pasatzean sortutako errauts eta eskoriak ere (erretakoaren %25) zero zabor kontsideratzea.

Ororen buru, Asensiok esan duenez “plan berriak (GHHKPO 2019-2030) hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du, eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko”.