Hamazazpi kiroletako federazioek adierazpen bateratua egin dute astelehen goizean. Haurrek asteburu honetatik aurrera lehiatzeko aukera izan dezatela eskatu dute. Kirola segurua dela adierazi dute, eta haurrentzako oinarrizko beharra.
Izan duten jarrera “arduratsuaren” ondorioz eskola kirola segurua dela ziurtatu dute federazioetako ordezkariek: “Osasun-agintarien gomendioak betetzean atsedenik gabe lan eginez, erakundeek oraindik argitaratu ez zituztenean protokoloak aktibatuz, gure jabetzakoak ez diren instalazioen segurtasunean inbertituz eta gazteak pandemiari aurre egiteko prebentzio-arauak zorrotz behatzeko beharraz kontzientziatuz”. Gogoratu dute irailetik eskola txapelketak burutu direla, “inongo ondorio negatiborik gabe”.
Debekua ezarri duen erkidego bakarra
Kirola beharrezko jarduera dela adierazi dute federazioek, “batez ere adin goiztiarretan”. Aldiz, egun soilik ez, aurretik ere debekatu izana gaitzetsi dute: “eskola kirola ia urte eta erdiz egon zen geldituta, eta horrek ekarri du haur askok kirol jarduerak alboratu izana”. Azpimarratu dute Espainiako Estatu osoan eskola kirol txapelketari debekua ezarri dion erkidego bakarra dela EAE.
Prentsaurrekoa Gipuzkoako ondoko kirol federazioek sinatu dute: futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa, gimnasia, halterofilia, hockeya, judoa, mendia, igeriketa, pilota, bela, triatloia, ehiza, urpeko kirolak eta kirol egokitua. Momentuz urtarrilaren 28ra arte ezarritako debekua asteburu honetatik bertatik indargabetzea eskatu dute.