argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Euskararen Normalizazio Plana behin betiko indargabetu du EAEko Auzitegi Gorenak
  • EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Euskararen Normalizazio planeko bost puntu indargabetu ditu. Auzitegiak ez du Aldundiak jarritako errekurtsoa tramitera onartu.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 15

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak hartu du erabakia. Euskararen Normalizazio planeko bost puntu indargabetu ditu, aurreko legegintzaldian EH Bilduren Gobernuak bultzatu eta egungo Gipuzkoako Aldundiak babestu duen planetik. Auzitegiaren arabera gazteleraren eta euskararen koofizialtasuna urratzen ditu eta “efektu diskriminatzailea” du araudiak. Espainiako Estatuko Abokatuak jarri zuen araudiaren aurkako salaketa.

2017ko maiatzean indargabetu zituen bost puntu horiek auzitegiak. Gipuzkoako Aldundiak errekurtsoa jarri zion erabaki hari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ordea ez du errekurtsoa tramitera onartu. Beraz, sententzia argia da eta jada ez dago errekurtsoak jartzeko aukerarik. Auzitegiak indargabetu dituen puntu horietan, instituzioaren komunikazioa, kontratazioetarako baldintzak, diru laguntzen ingurukoak… zeuden jasoak:

Prentsaurrekoetako hizkuntza

Araudiaren bosgarren artikuluak, Aldundiak prentsaurrekoak edo ekitaldi publikoak euskara hutsean egitea baimentzen zuen, nahiz eta euskara ulertzen ez dutenei, mezua ulertzeko bitartekoak jarriko lizkiekeen.

Kontratazioetarako baldintza

Administrazioak izenpetutako kontratazioetan, enpresaren lan esparrua dena delakoa ere, Aldundiak berak betetzen dituen hizkuntza irizpideak betearaziko lizkieke enpresa horiei 8. artikuluaren arabera.

Diru-laguntzen hizkuntza betebeharrak

9.3 artikuluan, Gipuzkoako Aldunditik diru-laguntzak jasotzen dituen elkarte, erakunde edo pertsonek, euren dokumentu, euskarri, publizitate edo ekitaldi publikoetan euskara erabiltzea eskatzen zuen.

Komunikazio kanpainak

Hamaikagarren artikuluak, administrazio prozeduretatik kanpoko eremuan egiten diren komunikazio kanpainetan, “euskara eta gaztelera orekatuta” erabiltzea jasotzen du, beti ere euskarari konposizioarekin, tipografiarekin eta bestelako elementuekin lehentasuna emanda.

Webgunean euskaratik hasi

Gipuzkoako Aldundiaren webgunerako sarrera euskarazko orrialdetik lehenestea jasotzen zuen 13. artikulu honek. Hau da, Gipuzkoako Aldundiaren webgunera sartu ezkero, aurreneko orria euskaraz agertuko litzateke, nahiz eta ondoren gazteleraz jartzeko aukera izango luken erabiltzaileak.