argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako etorkizuna eraikitzen ari omen dira...
  • Markel Olanok eta Jose Ignacio Asensiok, hedabide batzuen laguntzarekin (Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa eta EITB) klima aldaketaren kontra lan egingo dutela diote. “Balorizazio energetikoak laguntzen du aldaketa klimatikoa gutxitzen” zioen Foru Aldundiko Ingurumen diputatu den Jose Ignacio Asensiok DVn.

Pili Arruiz 2018ko urriaren 08a

Ze balorizazio? Errauskailuan sortzen den energia kopurua oso txikia da eta, aldiz, sortzen den kutsadura oso handia. Horrez gain, hondakinak ondo bereizteko batere ahaleginik ez dute egiten beraien alderdiek: Donostia, Irun, Hondarribia… dira horren adibide.

Gipuzkoan, Goierriko enpresa bati esker, badugu pixoihal eta konpresak birziklatzeko modua. Baina Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ-PNV eta PSE-EE botoei esker, enpresa horrek eskaintzen duen teknologia erostea ez da onartu. Zaila ulertzen ez?

Gipuzkoan jada, Goierriko enpresa bati esker, badugu pixoihal eta konpresak birziklatzeko modua. Baina Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJ-PNV eta PSE-EE botoei esker, enpresa horrek eskaintzen duen teknologia erostea ez da onartu. Zaila ulertzen ez? Are gehiago jakinik Gipuzkoako benetako errefusaren %70 pixoihalek eta konpresek osatzen dutela. Agian beldur dira erraustegiari jaten emateko erregai gabe geratzeaz?

Bilboko errausketa enpresak eskatuta Tecnaliak egindako txosten baten arabera, Zabalgarbi duela 10 urte ireki zenetik, modu kezkagarrian handitu dira errauskailuaren inguruko lur, ur eta landaretzan topatutako artseniko, manganeso, kobre eta dioxina kopuruak.

Hemen ere, horixe espero dezakegu Zubietako errauskailua martxan jartzen den unetik. Inguruko lur, ur, baratze eta landareak kutsatuak izatea, horrek guztiak osasunean duen eragin zuzena kontutan harturik. Ez al da beldurgarria?

Tecnaliak egindako txosten baten arabera, Zabalgarbi duela 10 urte ireki zenetik, modu kezkagarrian handitu dira errauskailuaren inguruko artseniko, manganeso, kobre eta dioxina kopuruak

Zuek, ustelkeriak jotako Urbaser enpresarekin sinatutako kontratuan oso toxikoak diren 12 sustantzien mailak ez kontrolatzea onartu duzue. Beraz, atmosferara isuriko dira inongo kontrolik gabe.

Olano eta Asensio, goian aipatutako guztia irakurri ondoren, ausartuko al zarete berriro ere, klima aldaketaren alde zaudetela esaten?

Hedabideak erabiliz gizartea engainatzen ari zareten zuek, garbi uzten duzue klima aldaketaren arazoaren kontra aritu beharrean arazoaren parte zaretela.

Parte hartu datorren urriaren 27an, arratsaldeko 17:00etan eta Mendeurren plazatik aterata, Zubietako errauskailuaren kontra egingo de manifestazioan. Animatu!

 

Deitzen duten taldeak: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, GEIS/OEIT, Eguzki, ERNAI, Gipuzkoa Zutik, Greenpeace, eta No + Precariedad, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, HIRU ETA ESTEILAS sindikatuekin batera.