argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako erresidentzietako langileek mobilizazioak hasi dituzte berriz, koronabirusaren geldialdia eta gero
  • COVID-19ak 243 eguneko greba atzeratzera behartu zituen erresidentzietako langileak, “lehen eta orain lehentasuna erabiltzaileen osasuna bermatzea" izan behar dela argudiatuz. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak “laguntza faltsua” eman diela salatu du ELAk, eta sektorearen baldintzak hobetzeko exijitu diote. Ez dute baztertzen grebara joatea.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 21a
Gipuzkoako erresidentzietako langileak protestan. Argazkia: ELA.

Pandemiak sortutako krisiak bi gauza argi utzi dituela dio ELAk; emakumeek egoitzetan egiten duten lana funtsezko zerbitzu publikoa dela, eta etekin ekonomikoa lehenesten duen eredu batek, “muga-mugara eramanda”, adinekoen heriotza ugari uzten dituela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak “inongo irakaspenik” atera ez izana salatu du sindikatuak, bere bilera proposamenei uko egin diela eta bere gutunei erantzunik bidaltzen ez diela. Zaintzaren sektoreko lanari balioa emateko ordua dela adierazi dute, eta “pertsonei lehentasuna emango dien asistentzia-kalitateak” izan behar duela lehentasuna, ez etekin ekonomikoak.

COVID-19ak sortutako larrialdi egoeran beren mobilizazioak alde batera utzi dituzte langileek, lehentasuna erabiltzaileak baitziren, “nagusiak zaintzeko euren burua arriskuan jarriko zutela jakinda ere”. Hala ere, greba berrartzea baztertzen ez dutela adierazi du sindikatuak, Foru Aldundiak sektoreko baldintzak hobetzeko pausurik ematen ez badu.