argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegia adjudikatu du Gipuzkoako Aldundiak
  • EAEko Auzitegi Gorenak GuraSOSen helegitea atzera bota eta biharamunean izenpetu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatuak erraustegiaren adjudikazioa. Lanak hilabete eta erdi barru inguru hasiko direla iragarri dute.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 31
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua adjudikazio agiria sinatzeko unean. (Arg.: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Adjudikazioa lortu duten enpresak dira Urbaser, LKS, Moyua, Murias eta Altuna y Uria; Meridian Investments frantziarrak eta Steinmuller Babcock alemaniarrak ere parte hartuko dute. Lehiaketan parte hartu duten beste enpresek hamabost eguneko epea izango dute Aldundiaren erabakitakoaren aurkako helegiteak aurkezteko.

Imanol Lasa Aldundiko bozeramaleak nabarmendu egin du orain arte epaitegiek beti eurei arrazoi eman dietela, eta aditzera eman du GuraSOSek jarrita dauzkan eta ebazteke dauden gainerako helegiteek ere ez dutela egoera aldatuko.

Erraustegiaren aurkako manifestazioa larunbatean

Otsailaren 4an Gipuzkoako erraustegiaren aurka manifestazioa egingo da, Errausketaren Aurkako Mugimenduak joan den astean deituta. Hondarribian egingo da mobilizazioa, eguerdiko 12:30ean, Errausketarik ez Txingudin ez Zubietan” leloarekin.