Asteazkenean bildu dira Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartea eta LAB eta ELA sindikatuak Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmenaz hitz egiteko. Ez dira adostasunera iritsi, sindikatuek ez baitute nahikoa urrats ikusi patronalaren proposamenean. Hala, greba egiteko aukerak aurrera jarraitzen du; maiatzaren 22an izango da hurrengo bilera.
ELAren esanetan, Adegiren –Ascongi sektoreko enpresen elkartearen bidez– proposamenak ez du bermatzen azken urteetan eraikuntzako langileek galdu duten eros ahalmena berreskuratzea, 2009tik hona soldatak izoztuta baitaude.
Eztabaidagai dagoen puntu nagusietako bat hitzarmenaren aplikazioa da. Azken urteetan sindikatuek behin eta berriz salatu dute eraikuntza sektorean hitzarmena ez dela ezartzen enpresa eta azpikontratetan. LABek proposatu du hitzarmena aplikatzen ez duten enpresei Lan Ikuskaritzak "akta oso larria" irekitzeko, eta horrez gain segurtasun eta lan osasunaren inguruko batzorde bat sortzea ere nahi du.
Bere aldetik, ELAk ere funtsezkotzat dauka lan hitzarmena ezarri beharra: " Azken urtetan lan gogorra egin dugu sektorean nagusi den esplotazioari aurre egiteko, eta borroka horren ardatza izan da hitzarmenaren defentsa, baita aplikatzen dela ziurtatzea ere. Zertarako behar da hitzarmen bat, aplika dadin berme konkreturik ez badago?", azaldu du sindikatuak.
Anoetako egoera adibide
Hain zuzen, Gipuzkoako ELAko eraikuntza arduradunak Eusko Legebiltzarrean izan dira lurraldeko obra nagusietako batean, Anoetako estadioan, dauden lan baldintza prekarioak eta arau-hausteak azaltzeko asmoz.
Igor San Jose ELAren sektoreko arduradunaren arabera estadioaren erreforman lanean ari ziren hiru azpikontratak egindako iruzurrak frogatu ditu sindikatuak eta ondorioz obratik bota dituzte enpresok. ELAko kidearen esanetan aurkeztutako aurrekontu baxuak eragin ditu halako jokabideak: 70 milioi eurotan egin beharreko obra 50 milioitan ari dira egiten, diotenez, eta horrek langileen prekarietatea dakar halabeharrez.
Maiatzaren 22an, azken aukera
Bai ELAk eta bai LABek zabalik utzi dute hurrengo asteetan grebara jotzeko aukera, patronalak ez badie euren eskakizunei erantzuten.
Hala, Adegik beste proposamen bat eraman beharko du maiatzaren 22an egitekoa den bilerara eta orduan ikusiko dute "benetako borondatea" ote duen hitzarmena ezartzeko, dio LABek: "Hala ez balitz, sektorean mobilizazioak deituko ditugu, ekainean burutuko genukeen greba barne. Hau da momentua". ELAk ere eutsi egin dio greba deialdiari: "Maiatzean akordiorik iristen ez bada greba izango da, patronalaren jarrera mugiarazteko bide bakarra baita", azaldu du.