argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Elizaren ondasun higiezinak hotel bihurtuko dira
  • Donostiako Udalak obra-lizentzia onartu berri dio Munilla apezpikuari. Egoitza nagusiarekin eta Idatz kristau liburu-dendarekin hasiko dira momentuz, eta ikusteke dago gainerakoak ere apartamentu egingo dituzten ala ez. Gipuzkoako Elizako kide asko ez datoz bat erabakiarekin.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 14a
Jose Ignacio Munilla apezpikua, Donostian

Uztailaren 17an eginiko Euskadiko apaizen bilkuran atera zuen gaia Jose Ignacio Munilla apezpiku donostiarrak, “diruz larri dabiltzan parrokiei laguntza eman ahal izateko” zela argudiatuz. Gehiengoa desados egonda ere, aurrera ekin zitzaion Gipuzkoako Elizaren ondasun higiezinak hotel edo apartamentu bihurtzeari.

Asteartean onartu du Donostiako Udalak Munillak egindako eskaera, eta obrak egiteko lizentzia eman diote. Gipuzkoako Elizaren egoitza nagusiak, Donostiako Zabaleta kaleko 5. zenbakian dagoenak, zazpi pisu ditu orotara, eta eraikuntza osoa erabiliko dute apartamentuentzat; denera 26 izango ditu. Bestalde, Urdaneta kalean dagoen Idatz kristau liburu-dendaren eraikuntza osoa ere turismoarentzako bideratuko da. Ez da Munillak berriki egindako ondasunen salmenta bakarra. Orain gutxi Intxaurrondoko parrokia ere saldu zuen, baina hori zaharren egoitza bihurtu zen. Antza, Familia Sakratuaren eliza ere horretara bideratzekotan da.

“Ebanjelioaren aurka doa”

Gogor azaldu da Munillaren erabakiaren aurkako oposizioa. “Autofinantzazioan” oinarritu arren, “zehaztasunik eman gabeko” jarduera dela azaldu du Olaetxea bikarioak, uztailean eginiko bilkuran ez baitzen ez kostuaz ezta errentagarritasunaz ere hitz egin. Gainera, salatu du horrelako ekintza baten berri uztailean ematea –Elizako kide gehienak oporretan daude– “bidegabea” dela.

Gipuzkoako Elizaren komunitateak “etsipenez” hartu du Munillak hartutako erabakia, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez. “Ebangelioaren” eta “elizbarrutiaren” aurkako jarrera bat dela salatu dute, eta “planifikatuta” zegoela.

“Elizbarrutiari bizkarka, ez”

Sinadura bilketa bat abiatu zuten aurtengo udaberrian Elizbarrutiari bizkarka, ez! lelopean, Munilla apezpikuaren jarduna salatzeko. Gipuzkoako Elizaren ondasun higiezinak salduko zirela ez zekiten oraindik, baina milaka sinadura bildu zituzten apaizen eta agente pastoralen artean. Momentuko egoeraz Munillak argi ez hitz egitea ez zuten onartzen, eta “zurikeriatan” ibiltzen zela ere salatu zuten.