argia.eus
INPRIMATU
Helduek euskara doan ikasteko aukera izatea eskatu du Gipuzkoako Diputazioak
  • Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurrekontu egitasmoan bitartekoak jarri ditzala helduek euskara doan ikasteko bidea egiteko.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko otsailaren 22a
Ikasleek doan ikastea eskatu du Gipuzkoako Diputazioak. Argazkia: Dani Blanco.

Atzo euskaltegietako ordezkariak Foru Aldundiko Euskara Sailekoekin bildu ziren helduen euskalduntze alfabetatzean eman beharreko pausoei buruz hitz egiteko. Etxeburuak adierazi zuenez, adabakiak baino ezin ditu jarri Diputazioak, eskuduntza Eusko Jaurlaritzak duelako.

Foru Aldundiak 395.000 euro bideratzen ditu ikasleak matrikulatzeko eta barnetegietarako, beti ere langabetuak lehenetsita. Diputazioak diru-laguntza horiek zuzenean udalek kudeatu ditzaten nahi du eta horretarako laguntza sistema bateratu nahi du. Izan ere, gaur egun udal batzuek ikasleen matrikula zati bat ordaintzen dute eta beste batzuek osoa. Udalek ardura hori har dezaten bi baldintza jarriko ditu: zuzenean laguntzea herritarrei eta langabetuak lehenestea.

Euskaltegietako ordezkariek hainbat eskaera egin zituzten atzoko bileran: doakotasunerantz pausoak ematea; matrikulazio kanpaina bateratuak egitea eta erakunde publikoek haiek babestea; eta matrikulazio garaian udalak elkarlanean aritzea.

Doakotasuna euskaltegien aspaldiko aldarrikapena da. 2012ko abenduan Larrun hilabetekarian helduen euskalduntze alfabetatzea jorratu zen. Lau solaskideak, krisiak itota euskara klaseak ordaintzeko ikasleen ezintasunaz aritu ziren, besteak beste. Hona pasartea:

Mertxe Mugika (AEK): Aurtengo ikasturtean hiru faktore elkartu dira: krisi ekonomikoaren eraginez jendeak ez dauka dirurik matrikula ordaintzeko; ikasleentzako diru-laguntzak kendu dira; eta prestigioa falta zaio hizkuntzari.

Idoia Goñi (Ilazki euskaltegia): Gero eta ikasle gehiagok esaten du “nik ezin dut dirua aurreratu”. Esaten diozu, “udalak emango dizu diru-laguntza asistentzia betetzen baduzu”, “bai, baina orain ez daukat dirua aurreratzerik”.

Mertxe Mugika: Hori asko ikusi da.

Pedro Lonbide (Santurtziko Udal Euskaltegia): Ez da denbora asko batek hitzez hitz esan zidala: “Nik baditut orain 300 euro eta ordain nezake matrikula, baina diru horrekin nahiago dut antenista ikastaroa egin. Badakit errentagarriagoa izango dudala”.