argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako basozainek ofizioaren “profesionalizazioa” eskatu diete instituzioei
  • Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu dute "teknologikoki atzeratuta dagoena eta formazio eskaseko" ofizioa dela gaur egun beraiena, Antxon Gomez eta Xabier Rubio basozainek.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 15a

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak Euskal Autonomia Erkidegoan Baso Agenteei buruzko Legea sortzea eskatu dute, Espainiako Estatuko beste lurraldeetan existitzen diren bezala. Elkarteko lehendakari Antxon Gomezek, gainera, salatu du ofizioa "ikusezin egin dutela", eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "ez duela jendaurrean erakutsi nahi lana".

Beste kexa motibo bat lanaren prestakuntza eta formazioa izan da. Gomezek eta bere lankide Xabier Rubiok esan dutenez, elkarteak ikastaroak egiteko eskatu dio Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. Horrez gain aurrerapen teknologikoak ere eskatu dituzte: "XXI. mendeko basozain zerbitzu berria eta aurreratua sortu nahi dugu".

Guardia Zibilak

Egun 48 basozain daude Gipuzkoan, "gutxi", hauen hitzetan. Araban, ordea, duela urtebete sei besterik ez zeuden, GasteizHoy hedabidearen arabera. Hala ere, Guardia Zibilak EAEn jarduteko ingurumen unitate bat sortu dezakeela ohartarazi dute. Gomezek gaitzetsi egin du hori: "Espainiako Trafiko edo Ogasun sailak esango balu EAEn unitate bat sortuko duela, krisia izugarria litzateke. Baina, zer gertatzen da ingurumen delituekin hemen? Oso merkatu handia dagoela eta ez direla ikertzen ari".