Tolosako Epaitegian deklaratu beharko dute asteazkenean, abenduak 13, Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako zuzendariak eta Felix Asensio erakunde bereko Ingurumen zuzendari ohiak –gaur egun Lan Hidraulikoetako zuzendaria da–, Aralarko Parke Naturalean pista bat eraikitzeko baimena emateagatik.
Eguzki eta Landarlan talde ekologistek ipini dute bi zuzendarien aurkako salaketa. 2016an Enirio-Aralar Mankomunitateak sustatuta eraikitako pista baten erantzule nagusi diren heinean lurralde antolamenduaren aurkako delitua egin izana egozten diete Ariztimuño eta Asensiori. Epaileak erantzukizun penal zantzuak daudela erabaki eta deklaratzera deitu ditu biak.
Eguzki eta Landarlanek azaldu dutenez, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendu Planaren arabera debekatuta dago pista berriak eraikitzea aipatutakoa eraiki zen eremuan. Horrez gain, proiektuak ez du betetzen Natura 2000 Sareko guneak arautzen dituen legedia, eta biodibertsitatearen inguruko espainiar eta europar legeek aurreikusitako ingurumen inpaktu ebaluaziorik gabe egin zen, ekologistek nabarmendu dutenez.