“EAJ-PSE koalizioak Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 milioi eta erdi euro oparituko dizkie”. Hala salatu du EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken egitasmoa: Fortuna Handien gaineko zerga bertan behera utzi eta zerga sistema berria onartuko dute datozen egunetan Batzar Nagusietan, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin. Koalizioak salatu du zerga sistema berria aurrekoa baino “askoz injustuagoa” dela.
Foru gobernuak egin asmo dituen aldaketek eragin zuzena izango dute herritarrengan, EH Bilduren aburuz. “Zerga ezkutua delakoa baliatuko lukete 875 zergadun aberatsenek batez beste 37.794 euro gutxiago ordaintzeko Ogasunari. Guztira, 33 milioi gutxiago jasoko lirateke ezkutuaren eraginez”. Bilduko ez den diru hori gipuzkoarren ongizatea bermatzeko funtsezkoa dela nabarmendu du koalizioak.
Gainera, 12.8 milioi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari, gutxi gorabehera. Bien bitartean, behar gehien dutenek murrizketak are gehiago jasango dituztela salatu dute. Urte hasieratik, 25 eta 80 euro arteko diru laguntza gutxiago jasotzen baitute onuradunek. “Gipuzkoan 16.697 pertsonak jasotzen dute mendekotasun prestazioren bat. Urtarrilaren 1etik indarrean sartu den Foru dekretuarekin, 4.330 pertsona murrizketak jasaten ari dira; onuradunen %27”.