argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundiak haurdun ziren lau langile diskriminatu ditu
  • EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak otsailaren 22an argitaratutako epaian ondorioztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak lau teknikari ertain diskriminatu zituela haurdun egoteagatik. Lau langile hauei 2019ko Errenta aitorpenaren kanpainarako lanpostua esleitu zitzaien baina Aldundiak baztertu zituen pandemia betean haurdun egonik arrisku egoeran zeudela argudiatuta. Epaileak Aldundiaren erabaki hori baliogabetu du, uste baitu haurdun egoteagatik diskriminazioa jasan zutela.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 11

Haurdun zeuden lau emakumek Gipuzkoako Aldundiaren lan-poltsa bateko deialdi publikoan parte hartu zuten, 2019ko errenta kanpainan lan egiteko. Eta puntuazioaren eta zerrendetako ordenaren arabera lanpostua zegokienez, lanerako deitu zituzten. Haatik, haurdun zeudela eta, Aldundiak jakinarazi zien ez zituela izendatuko, erakundearen ustez Covid-19arengatik arriskuan egongo zirelako.

Baina Auzitegiak kontuan hartu du langileek egindako helegitea, adieraziz Auzitegi Konstituzionalaren doktrina honen kontrakoa dela Aldundiak erabili duen irizpidea: "Emakume langilearen izaera biologikoaren eta osasunaren babesa bateragarri izan behar da bere eskubide profesionalen iraupenarekin; haurdunaldiak edo ondorengo amatasunak eragindako gutxiespen edo kaltea sexuagatik izandako zuzeneko diskriminazioa da” (...).

Beraz, EAEko Auzitegiak ebatzi du sexu eta haurdunaldi diskriminazioa egon dela lau langileon kasuan, eta langileei aitortzen dizkie kanpainako ordainsariak jasotzeko eskubidea, eta izendapen horri dagozkion gainerako eskubide ekonomiko eta administratibo guztiak.

ELA sindikatuak epaia txalotu du: "Epai honek zuzenean interpelatzen ditu herri administrazioak, batik bat Gipuzkoako Aldundia, horiek sustatu behar baitute berdintasun formala ez ezik, baita benetako berdintasuna ere, hartara haurdunaldi bat ez dadin emakumeentzako desabantaila bilakatu".