argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundiak basoak abandonatu ditu guztion diruarekin

Naturkon @naturkon 2022ko ekainaren 15

Ekainaren 9an, Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Markel Olanok eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatu Jabier Larrañagak agerraldia eskaini zuten Donostian, Basotik Fundazioa aurkezteko. Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusia ere bertan zen antza, hitza hartu ez bazuen ere.

Fundazioa Aldundiaren %100eko partaidetzarekin jaio da, bi milioi euroko aurrekontuarekin. Aldundiak ekimen horretarako gizarte eragileak kontuan hartu dituztela dio, noski, lur-jabeak eta enpresak, ekologistak eta natur kontserbazionistak ez gaude eta, euren agendan.

Agerraldian esandakoaren arabera: “Fundazioa basoen kudeaketa integralaz arduratuko da: landaketa, garbiketa, eraldaketa, egur eta produktuen merkaturatzea”. Argi dago bada, ez direla basoez ari, zuhaitz-landaketez baizik. Ez dute, gainera, ezkutatzen; Jabier Larrañagaren hitzetan, “abandonatutako edo gestiorik gabeko basoen kopurua egun %16 da eta errealitate hori frenatu” nahi dute, naturalizatzen ari diren basoak egurrerako landaketa bihurtu, alegia.

"Aldundiak jauzi kualitatiboa egin nahi omen du Basotik fundazioarekin, eta egin du, baina ez baso iraunkor eta jasangarriaren bidean, Olanok esan bezala"

Fundazioa lur-jabe pribatuen baso-sailak kudeatzeko intentzioarekin sortu da. Egun, 95.000 ha daude beren eskuetan, ustiategiak ia 10.000 izatera iristen direlarik. Lehen sektorean bizi den hondamendiaren isla, jabeen %20ak baino ez ditu 50 urte baino gutxiago, erreleborik ez duen sektorea da, administrazioa hiltzen uzten ari dena gutxi batzuen mesedetan. Izan ere, argi dago errezeta berria: jabego honen kudeaketa esku publikoetan (esan nahi baita, enpresenetan) utzi.

Hauxe kontuak eragiten duen lehen galdera: nekazarien sindikatuek begi onez ikusten dute hori dena? Administrazioaren zerbitzariak eta subsidiarioak bihurtzea da gaur baserritarren, abeltzainen, artzainen eta lur-jabeen helburua?

Bigarren galderak ez du garrantzia txikiagoa. Jakinda Aldundiak baldintzatzen duela baso-politika diru-laguntzen bidetik, zilegi da dirua banatzen duen administrazioa izatea diru hori jasoko dutenen kudeatzailea? Merkatu libreko ekonomia ereduan, ez al da lehia askearen kontrakoa?

Markel Olano ahaldun nagusiak ekimena justifikatzeko balorazio politikoa egin zuen. Aldundiak ohitura bihurtu duen eran, hasieratik bukaerara, hiztegiaren erabilera interesatu eta okerrarekin herritarrak nahasteko borondatea erakutsi zuen. Gipuzkoan basoen azalera %61ekoa dela esan zuen, dakienean azalera horren gehiengoa (gaixorik dauden) zuhaitz-landaketek osatzen dutela. Basoak garrantzitsuak direla esan zuen, “ingurumen ikuspegitik, biodibertsitatearen ikuspegitik, paisaiaren eta lehen sektorearen ikuspegitik, baserritarren ekonomiaren ikuspegitik”, eta “aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan CO2a xurgatzeko tresna egokia” direla. Basoak bai, ez zuhaitz-landaketak: gurean bezala monolaborantzan oinarritutako kudeaketa intentsiboa egiten denean, onura horiek guztiak ingurumen-kalteak bihurtzen dira, Jaurlaritzak erakusten dituen biodibertsitateari buruzko txostenek eta Espainiako Ministerioak neurtzen dituen lur galeren adierazleek erakusten duten bezala.

Larrañagaren hitzetan, Basotik fundazioak, egun, baso-jabeei zaila zaien kudeaketa erraztuko die (azala behar du gero, tramitazio konplexua ezartzearen ardura duenak zailtasun hori baliatzea bere mesedetarako!). Jabeen gehiengoak azalera txikia duenez, azalerak kontzentratuta kudeatuko ditu Aldundiak eta, horrek berak, kudeaketa kolektiboak, errentagarritasun handiagoa emango omen du. Ustiategien industrializazioa: nola esnearekin, hala haragiarekin, orain egurrarekin. Basoen berreskurapenak ez du horrelakorik eskatzen.

Aldundiak jauzi kualitatiboa egin nahi omen du Basotik fundazioarekin, eta egin du, baina ez baso iraunkor eta jasangarriaren bidean, Olanok esan bezala. Fundazioa natur kontserbazioaren eta biodibertsitatearen kontrako jauzi kualitatiboa da, beste urrats bat hondamendirantz.

 

* Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistek osatzen dute