argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundia eta hiru zahar etxeren enpresa kudeatzaileak auzitara eramango ditu ELAk
  • Langileen “osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea” babestu nahi dituela adierazi du sindikatuak. Gipuzkoako hainbat zahar etxetako egoera “dramatikoa” dela dio, eta Osakidetzaren esku hartzea eskatu du.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 13a
Tolosako Iurreamendi zahar egoitza. Argazkia: Euskadi.eus.

Tolosako Iurreamendi, Zumarragako Argixao eta Ordiziako San Jose zahar etxeetako langileen lan-baldintzen egoera salatuko du ELAk. Zu eta Biok S. Coop, Gerozerlan eta Eulen Soziosanitario enpresak dira egoitzak kudeatzen dituztenak, azpikontratan, eta titularra Gipuzkoako Aldundia da. Apirilaren 14an erregistratuko ditu hiru demandak sindikatuak, lan-arloko epaitegian.

“Langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea babesteko” eskatuko dio epaitegiari ELAk, eta hori betetzen ez duten egun bakoitzeko isuna ezartzea enpresei. “Sindikatuak behin eta berriz eskatu arren, zahar etxeetako langileek ez dute norbera babesteko ekipamendu osorik, eta erabiltzaile guztiei testak egiten zaizkien egoitzak salbuespena dira oraindik ere”. Hainbat kautelazko neurri ere eskatuko dituzte demandetan: langile bakoitzarentzako babes neurri homologatuak eta guztiei testak egitea, besteak beste. Aipatu hiru zahar etxeez gain hurrengo astean gehiagoren aurkako demandak aurkeztuko dituela jakinarazi du sindikatuak, beste herrialde batzuetan.

Osakidetzaren esku hartzea egoera “dramatikoaren” aurrean

Koronabirusaren kutsadura maila zahar etxeetan “kritikoa” dela dio ELAk, eta hori dela eta, Osakidetzaren “esku-hartze urgentea eta integrala” eskatu du. “Tolosako Iurreamendi, Ordiziako San Jose edo Arrasateko Iturbide zahar etxeetan, Covid-19aren erabiltzaile positiboak %80raino iritsi dira, eta kutsatuta edo bajan dauden langileak lantaldearen heren bat dira. Aldundiaren datuen arabera, Gipuzkoako zahar etxeetan hildakoak 90 baino gehiago dira dagoeneko; Gipuzkoan Covid-19ak hildakoen %70 zahar etxeetan eman dira”.