argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako abeltzainek esne litroaren merkatu prezioa hamar zentimo igotzeko eskatu dute Esne Martxaren bidez
  • EHNE eta ENBA sindikatuek deituta, Usurbil eta Hernani artean martxa egin dute abeltzainek asteazken honetan. Supermerkatu kateek ahalik eta prezio baxuenak jartzen dituztela salatu dute, merkatuan lehiatu eta irabazi gehiago lortzeko asmoz. Abeltzainek galerak dituzte, eta esne litroaren prezioa 0,70 zentimora igotzeko eskatu diete saltzaileei.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 26a
Gipuzkoako abeltzainek asteazkenean egindako martxa. Argazkia: EITB Media

Gipuzkoako abeltzainen hogeitik gora traktorek eta hainbat autok karabana luzea egin dute asteazkenean Esne Martxa izenekoan. EHNE eta ENBA sindikatuek deituta, Usurbilgo Urbil merkataritza gunetik Hernaniko Galarretara (Ldl eta Mercadona berriak zabalduko diren eremua) egin dute martxa. Esne litroaren prezioa igotzeko eskaera luzatu diete enpresa saltzaileei.

Sektoreko hainbat lehengairen prezioa —pentsuarena, elektrizitatearena eta erregaiarena— nabarmen igo da. Baina abeltzainek esne litro batengatik lortzen duten diru kopurua ez da aldatu. Horrek egoera larrian utzi ditu lehen sektoreko hainbat langile, kostuak estaltzeko eta galerarik ez izateko zailtasunak baitituzte.

EHNEko kide Garikoitz Nazabalek azaldu duenez, enpresa saltzaileek dute negozioaren bideragarritasunari eusteko giltza. “Kostuak gora eta gora ari diren honetan, zenbait banaketa enpresen aurrean igaro gara, salatzeko asmoz kate horiek salmenta bolumen handia pilatu dutela eta zuzeneko erantzukizuna dutela gure salneurriekin gertatzen ari denarekin”. Izan ere, enpresek gero eta irabazi gehiago dituzten bitartean, ekoizleek galerak dituzte.

Nazabalen ustez, saltzaileek “dinamika suntsitzailea” garatu dute esnearen merkatuko prezioekin jokatuz. Supermerkatu kate bakoitzak marka zuriko bere produktua eskaintzen du, eta gainontzeko saltzaileekin lehiatzeko, prezio baxuena jartzen saiatzen dira. Saltzaile horietako bostekin bildu dira abeltzainak aldaketa eskatzeko, baina azaldu dietenez, enpresetako batek salmenta prezioak igoz gero, guztiek igo beharko lituzkete, eta hori ez da bideragarria.

Azken finean, enpresak “batak besteari botatzen dio errua”, ENBAko presidente Iñaki Goenagaren esanetan: “Badakite gaizki jokatzen ari direla, baina ahal duten guztia egiten ari direla diote, eta bizilagunaren bizkar jartzen dute ardura”. Horren aurrean, konponbide bat aurkitu behar dute bi aldeek. ENBA sindikatuak Espainiako Abeltzaintza, Arrantza eta Elikaduraren Ministerioak egindako azterketa bat iradoki du konponbide gisa: ikerketak dioenez, esne litroaren salmenta prezioa 0,70 zentimokoa izan behar da, gutxienez, abeltzainek galerarik ez izateko eta sektorea bideragarri egiteko.

Egun, merkatuko esnearen %45 saltzen da 0,60 zentimotik behera. Prezioa hamar zentimo igoko balitz, adostu egingo lukete irabazi horiek nola banatu eragile ezberdinen artean. Goenagaren eta Nazabalen ustez, abeltzainek lau eta bost zentimo gehiago jaso beharko lituzkete, eta horrela, litroko jasotzen dituzten 0,34 zentimoak 0,39ra igoko lirateke.

Egiturazko prekarizazioa

Abeltzainek 2019an hasi zituzten azken protestak, sektorearen prekarizazioa salatzeko –ez soilik esne ekoizleek bizi duten egoerari konponbidea jartzeko, baizik eta lehen sektore osoaren bideragarritasun falta salatzeko ere–. Nazabalek argi utzi du abeltzainek aurrera jarraituko badute, aldaketa bera egin behar dela produktu guztien merkatuan: “Xehetasun desberdinekin, baina arazo berberaz ari gara, finean: baserriak bideragarri izan behar duela bidezko prezioekin”.