argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako 60.000 tona nahasi, Bizkaiko erraustegirako bidean... eta garestitzen
  • Mallabiako udalak ukaturik baimena Gipuzkoatik 60.000 hondakin nahasi bertako zabortegira eraman ditzaten, Bizkaiko Foru Aldundiak sartu du eskua operazioan eta Gipuzkoari bi aukera eskaini dizkio: edo tona horiek Zabalgarbiko erraustegira eramatea, edo zaborrok beste TMBren batean tratatu ondoren eramatea Bizkaira, beti ere bi operazioetako edozeinetan sortuko diren koste gehigarriak pagatuz.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko maiatzaren 15a
Bilbo ondoan dagoen Zabalgarbi erraustegiaren ikuspegi ez oso ezaguna. (Argazkia: Eguzki Barakaldo)

Segun eta nork esplikatu, Bizkaiko agintariek gipuzkoarrei “eskaintza” egin diete (Noticias taldeko egunkarien hitzetan) edo eta “exijitu” egiten (Correo taldekoen bertsiotan). Batean eta bestean, hala ere, garbi geratu dira gauza batzuk. Bat, Bizkaia prest dago Gipuzkoako hondakinak bere lurretan hartzeko baina denbora labur baterako. Bi, ez ditu onartuko zabor nahasiok bere horretan, GHKk Gipuzkoako Mutiloara bidaltzen dituen moduan bidalita: Bizkaiko zabortegiren batean uztekotan, aurretik beste tratamenduren bat jaso beharko dute, gutxienez TMB batean eta nahi izanez gero erraustegian. Hiru, Gipuzkoak zaborrok eragindako gastu guztiak pagatu behar ditu, ez bakarrik tratatzeko edo betirako lurperatzeko gastuak, baizik eta baita horiek hartzeagatik Bizkaiak bere azpiegituretan egin beharreko aldaketengatiko kanonak ere.

2015ean EAJ eta PSEk Gipuzkoako erakunde nagusien agintea hartu zutenetik, hondakinen gaikako bilketa selektiboetan egiten ari zen aldaketa bertan behera moztu zuten, ondoriotzat ekarriz azken errefus edo zabor nahastuen kopuruaren jaitsiera –aurreko legealdian oso nabarmena izan zena- etetea. Beste aldetik, Gipuzkoarako diseinatutako lehen TMBari bidea itxi zioten, Zubietako erraustegiaren operazioa ondo lotu arte (orain Bizkaiak horixe aurpegiratzen dio, ez onartuz TMBtik pasa gabeko zaborrik bere lurraldeko biltegietan). Eta, batik bat, legealdiaren parte handiena eman dute Zubietako erraustegiaren proiektua berpiztu eta abiarazten, aginduz 2019 aurrera dena egongo dela ondo konponduta.

Horrela pasatu da Gipuzkoa Europa mailan hondakinen kudeaketan trantsizio eredugarri bat abiatzetik zaborrez itota dagoen lurralde izatera eta non sartu ez dakien (Mutiloako zabortegiak ezin ditu denak irentsi eta Mallabiakoak "Betearte" izen profetikoa dauka) hondakinen inguruan instituzioen eta alderdi politikoen arteko presio eta jolasen biktima izatera.