argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoa Mozal Legerik gabeko lurralde izendatu dute Batzar Nagusiek
  • ARGIAk aurkeztutako Mozal Legearen inguruko proposamena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EH Bildu, PSE-EE, EAJ eta Podemosek elkarrekin aurkeztutako testuak jasotzen du Mozal Legea Gipuzkoan ez aplikatzeko konpromisoa.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara Axier Lopez @axierL 2016ko ekainaren 08a

ARGIAk alderdi politikoei proposatutako testuak hiru puntu jasotzen ditu eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek horiek betetzeko konpromisoa hartu dute. Hauek dira ideia nagusiak: Herritarren Segurtasun Legearen aurkako jarrera publikoki adieraztea, legea berriz aplikatuz gero zigortuari babesa adierazteko konpromisoa hartzea eta Mozal Legea Gipuzkoan ez aplikatzeko konpromisoa. Hortaz, Espainiako Estatuan Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu duen lehen lurraldea da Gipuzkoa.

Mozio proposamena maiatzaren 10an aurkeztu zen eta osoko bilkuran eztabaidatu ondoren onartu egin dute EH Bildu, PSE-EE, EAJ eta Podemosen babesarekin. Hartara, 46 ordezkaritik 45ek babestu dute proposamena. Juan Carlos Cano, PPk Batzar Nagusietan duen ordezkaria, bakarrik geratu da Mozal Legea eta ARGIAri ezarritako isuna babesten.

PSE-EEko Eneko Anduezak legea salatzearekin batera, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urquijoren aurka gogor hitz egin du. "Euskadirekin zerikusia duen guztiarekiko gorrotoa eta obsesioa" duela adierazi du.

EH-Bilduko Xabier Olanok "Mozal Legearen aurkako jarrera irmoa" berretsi du eta urtarrilaren 13an Gipuzkoako Batzar Nagusiek hala adierazi zutela gogoratu du. "Tamalez, ARGIAren aurkako antzeko isunak berriz gerta daitezkeela ikusirik", lege hau ez aplikatzeko konpromisoa azpimarratu du.

EAJko Javier Altunak Angela Merkelen hitzak erabili ditu Mozal Legearen aurka egiteko: "Prentsa askearen papera bermatzea garrantzitsua da erabateko gehiengo politikoak izanik ere". Mozal Legea frankismoaren garaietara eramaten gaituela zioen New York Timesen editoriala ere gogora ekarri du. ARGIAri babesa eskaini dio eta gaineratu du Gobernuak ezin duela adierazpen askatasuna murriztu, gustatzen ez zaizkion gauzak badira ere.

Juan Carlos Canok, PPko ordezkari bakarrak, adierazi du gainerako alderdi guztiak oker daudela, Mozal Legea ez aplikatzeko nahia dela eta; "zuzenbide estatuaren oinarria legea betearaztea da". ARGIAren aurkako isuna zilegia dela gaineratu du "funtzionario publikoen integritate fisikoa babesteko" ezarritako zigorra izan zelako.

Lehen kasua Espainiako Estatuan
Axier Lopez ARGIAko kazetariak isuna jaso zuen apirilaren 6an. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzak ezarri zuen zigorra, Mozal Legeaz baliatuz. Martxoaren 3an Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren berri ematen ari zela, Twitter bidez argitaratutako argazki batengatik jaso zuen isuna Lopezek, eta Euskal Herrian ez ezik Espainiako Estatuan Mozal Legeak zigortutako lehen kazetaria izan zen.