argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 45 eta 55 urte artekoak ere txertaketa planean sartuko dira
  • Osasungintza eta arlo soziosanitarioko lehen lerroko txertaketak bukatzean, adina izango da kontuan hartu beharrezko hurrengo irizpidea txertoa jartzeko momentuan. 

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 18a

Gotzone Sagarduik Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu duenez, 80 urtetik gorako pertsonen txertaketa hurrengo astean hasiko da. 45 eta 55 urte bitartekoak ere txertatuko dituzte, AstraZeneca txertoarekin. 80 urtetik gorakoen kasuan, prozesu mailakatua izango dela adierazi du sailburuak, 100 urtetik gorakoekin hasiko direla. Hauek txertatu ondoren, 70-80 tartekoak, gero 60-70 azkenik gaixotasuna hartzeko arrisku handia duten 60 urtetik beherakoak.

Lehen mailako osasungintzako langileen txertaketa oraindik bukatu gabe, ertzainak txertatzen hasi zen atzokoan Osasun Saila, 275 txerto jarri zituzten. Orotara, egunero 400 ertzaini jarri nahi diete txertoa, lehen fase batean 4.508 ertzain immunizatu arte.

Txertaketa prozesuak eragin kexak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpikontratatutako anbulantzietako langileek COVID-19aren txertoa eskatzen dute. Atzo Donostia ospitalaren atean egin zuten mobilizazioa, ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta CNT sindikatuek deituta. Mobilizazioek aurrera jarraituko dute, gaur Bilbon batuko dira eta otsailaren 23an Gasteizen. Ekaitz Telleriak, LABeko ordezkariak azaldu duenez, COVID-19aren aurrean "zuzeneko lana" egiten ari dira langile hauek eta ez du ulertzen oraindik txertorik gabe egotea. 

Erizainek ere protesta egin zuten, SATSE sindikatuak deitua.

 

Amaia Mayor, Bizkaiko Sindikatuaren idazkariak Osakidetza eta Osasun Saila txertaketaren hasieran prest ez zeudela uste du: "Uste dugu Osakidetza edo edo Osasun Saila ez zegoela prest hori horrela egiteko. Egun batetik bestera hasi zen, eta antolakuntza ez da izan egokiena".