argia.eus
INPRIMATU
Lorentxa Guimon aske uztea erabaki du epaileak
  • Gaixo den Lorentxa Guimon presoa askatzea ebatzi du epaileak. Datozen ordu edo egunetan aterako da Rennes-eko espetxetik. Bagoaz-ek azaldu du lanean segiko dutela "preso guziak askatu eta azken iheslaria etxera iritsi arte".

ARGIA @argia 2016ko otsailaren 25a
Guimon askatzea eskatuz kanpaldia egin dute Angelun egunotan. (Argazkia: Sare)

Mugimenduaren bozeramaile Teresa Todak epaileen erabakiaren berri jakin ostean esan duenez ebazpena legearen "aplikazio hutsa" baino ez da izan. Bere ustez gaixo dauden presoek "etxean egin behar diote aurre eritasunari".

Sarek ere "pozik" hartu du. Presoen eskubideen aldeko plataformak nabarmendu du beste behin ere "larritasun egoera gorenean" aurkitu behar izan dela presoa bere aldeko epaia agertzeko, eta azaldu du preso dauden gaixoek etxean egon beharko luketeela "saulbuespenik gabe".

Bestalde, gogorarazi dute presoen eskubideen alde abiatutako "Hartu trena" dinamika herriz herri ibiliko dela.

Iazko abenduan ospitalera

Lorentxa Guimon 2002an atxilotu zuten. Bretainiako Roazhongo (Rennes) presondegian dago. 2012an, ETAko presoen sei ordezkarien artean zegoen. Guimonek Crohnen gaitz sendaezina du 1991tik.

Bere egoera larria zela eta, iazko abenduaren 14an presondegitik ospitalera eraman zuten urgentziaz. Alabaina, erietxetik espetxera eraman zuten berriz ere abenduaren 29an. Iragan urtarrilaren 14an, Parisen aztertu zuten baldintzapean askatzeko eskaera. Askatasuna ukatu zioten haatik.

Presoen aldeko Bagoaz kolektiboak behin baino gehiagotan kezka eta protesta adierazi ditu euskal preso honen osasun egoera “larria” dela eta. Guimonen baldintzapeko askatasunaren aldeko hainbat ekitaldi izan dira azken asteotan.