Larragako San Miguel Ikastetxe publikoko guraso talde batek uztailean publikoki jakinarazi zuen herrian D eredua irekitzeko eskaera bideratua zutela, baina ez zutela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erantzunik.
Mendigorrian 2021ean ireki zuten azkenean D ereduko lerroa, baina ikasturte bat atzeratu zen eskaera, eta hangoa gertatuko ote zen beldur ziren Larragako gurasoak. Horregatik, haien beldurra publiko egin zuten uztailean eta hezkuntza sailaren erantzuna eskatu zuten. D ereduko lerroa irekitzeko zortzi haur behar dira eta Larragan hamabi daude.
Orain arte familiek ez dute departamentuaren erantzun formalik izan, baina ostegun honetan legebiltzarrean EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizen galdera bati erantzunez, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak erantzun zuen tramiteek ohiko bidea jarraitzen dutela, eta berak ez duela eragozpenik ikusten Larragan D ereduko lerroa irekitzeko. Matrikulazio epea amaitzean D ereduan zenbat haurrek aritu nahi duten ikusiko dutela, eta horren arabera erabakiko dutela.