Idatzi honen bidez jardunaldi aldaketaren prozesuaren inguruan gertatutakoak sortutako haserrea, frustrazioa eta inpotentzia adierazi nahi dugun guraso talde bat gara, eta ondorio gisa, gure seme-alabak datozen lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izatera eramanen dituena. Horren inguruan, zenbait adierazpen egin nahiko genituzke:
- Gure ezinegona ez da bertze familiek pentsatzen dutenaren kontra. Jardunaldi mota aukeratzea gai hagitz pertsonala da eta iritzi guztiak errespetagarriak dira. Gure haserrea prozesua manipulatua izan delako da.
- Bozketarako baldintzak ilunak, injustuak eta ziurrenik gobernuak bere interesetara bideratuak izan dira. Zeintzuk dira hauek
- Jardunaldi jarraiak aitzinera egiteko, erroldaren 3/5ek baiezkoa ematea beharrezkoa izan da. Zergatik portzentaia hori? Zergatik ez gehiengo sinplea? Zein arrazoi dago horren gibelean? Pedagogikorik ez, behintzat.
- Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak, Gimenok, hitz eman zuen portzentaia injustu horiek aldatu eginen zituela, baina ez du bere hitza bete. Zerk eraman du hainbat hezkuntza eragileren gainetik errandakoa ez egitera eta gainera lau ikasturtetarako inposatzera? Berdin jokatuko luke bere seme-alabak izango balira?
- Arautegiak ikastetxeei inpartzialtasuna eskatu die, hau da, ikastetxeek ezin zuten jardunaldi bakoitzari buruzko iritzirik eman eta horren gainean Hezkuntza departamentuak presioa sortu du. Baina… ez al dira irakasleak, egunero gure seme-alabekin egoten direnak, aproposenak jardunaldi batean bizitakoa eta bertzean bizitakoa transmititzeko? Akaso, norbaitek erabakitzen du zein tratamendu hartu bere konfiantzazko medikuarekin kontsultatu gabe?
- Etxalarko Landagain eskolan, 18 bozka (%35) izan dira jardunaldi zatituaren alde eta 34 (%65) jarraiaren alde (ia
Eskola jardunaldi mota aukeratzea gai hagitz pertsonala da eta iritzi guztiak errespetagarriak dira. Gure haserrea prozesua manipulatua izan delako da
bikoitza). Emaitzak erroldaren arabera baloratzea inposatu dutenez, bozkatu ez dutenak kontuan hartu dira eta jarraiaren aldeko bozken portzentaia %58ra jaistea eragin du. Nola uler daiteke gehiengo handi baten nahia ez errespetatzea (bi bozken faltan) eta jardunaldi zatitura bueltatu behar izatea? Alderantziz gertatu izan balitz, zer gertatu ote litzateke?
- Lesakan, berriz, 112 erroldatuetatik 103k bozkatu zuten. 55 bozka jarraiaren aldekoak izan ziren, 45 zatituaren alde eta 3 txuri. Bozkatzaileak kontuan hartu balira, Lesakan bozken %53,4 jarraiaren aldekoa izanen litzateke. %60 lortu beharreko baldintza jarri dutenez, ez dira iritsi baina gehiengo sinplearekin aurrera atera izanen litzateke.
- Denok daukagu bozkatzeko eskubidea eta ardura, beraz, emaitzetan parte hartu nahi duenak bozka dezala.
- Bozkak %60ra ez iristean, zuzenean prozesua itxi egin dute eta Eskola Kontseilua, Organo Gorena izanik, ahotsik gabe utzi dute.
- Hezkuntza Sailak espero ez zituen emaitzak lortu ditu, izan ere, traba eta zailtasun guztien gainetik, Nafarroako familien gehiengoak (%80 baino gehiago) jardunaldi jarraiaren aldeko hautua egin du. Gainerakoetatik, gehiengoak ere hori lortu izanen luke bozketa justu eta demokratiko bat izan balitz.
- Bozketen emaitzak ikusita, gobernuak zein ondorio atera behar du? Zer egin behar du honen aurrean?
- Gure ustez, jardunaldi inposizio honek familien egunerokoan arazoak sortuko ditu; gure seme-alabekin egoteko denbora murriztuko da, haurren ongizatean eragingo du, eguneko bertze momentuei aurre egiteko presak sortuko dira, umeen denbora librearen eskuragarritasunean eragingo du, gurasoen kontziliazioan, etab.
- Gainera, prozesu honek familiengan sortu duen kalteaz gain, gainerako familiekin eta irakasleekin giro arraroa sortu du.
Badakigu Goliaten aitzinean garela baina injustizia hau indarrez salatzen segituko dugu gure seme-alabentzat hoberena dela sinesten dugulako eta gure eskoletako familien gehiengoak horrela bozkatu eta adierazi duelako.
Bozketa justu eta demokratiko baten alde! Gure haurrengatik!
Amaia Agirre Etxeberria eta Jasone Susperregui Arbelaitz, Etxalarko Landagain eskolako eta Lesakako Irain eskolako familia talde baten izenean