argia.eus
INPRIMATU
Giltza: konfrontazio agendatik konponbideen agendara

Irati Jimenez Fernando Rey 2024ko urtarrilaren 12a

Arrazoi politikoengatik preso daudenak orotara 150 inguru dira gaur egun, eta horietatik hogeiren batek du lotura estua Nafarroarekin. Kopuru horiek ikusita, irudikatu dezakegu ez dagoela hain urruti gure herrian azken 45 urteetan elkarbizitza gehien zaildu duen arazoetako baten konponbidea.

Begirada bereziki preso nafarrengana zuzentzen badugu, datuak are argigarriagoak dira. Kartzelan denbora gutxien daraman presoak hamahiru urte bete ditu zigortuta, eta gehien daramanak, berriz, 25 urte egin ditu jada espetxean. Batez beste, preso nafarrek hemeretzi urte daramatzate kartzelan. Seik izan ezik, beste guztiek hurrengo bi urteetan beteko dituzte espetxe legearen arabera baldintzapeko askatasuna lortzeko baldintza objektiboak. Baina orain arte ez zaio eman haietako bakar bati ere zigorra horrela betetzeko aukera, horretarako eskubidea izango luketen arren. Preso horietatik hiruri bakarrik eman zaie hirugarren gradua (egunez ateratzea ikasi edo lan egiteko eta gaua espetxean pasatzea).

Baldintzapeko askatasuna lortzeko baldintza objektiboak oraindik betetzen ez dituzten sei preso nafarretatik hiruren kasuan, haien zigorrak nabarmen murriztuko lirateke Frantziako kartzeletan emandako denbora kontuan hartuz gero (Europako araudiaren arabera, hala egin beharko litzateke); beste hirurak “zigorrak osorik betetzeko legea” oker deitutako 7/2003 Legearen eremuan sartzen dira. PPk gehiengo absolutuarekin osatu zuen gobernuak onartu zuen lege hori 2003ko ekainean, Aznar presidente zela, Azoreetako zoritxarreko argazkia egin eta bi hilabete eskasera. Lege horren testuingurua, hortaz, gerra eta oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa mundu osora zabaldu zituen agenda autoritario bat zen. Lege horren edukia lehenbailehen egokitu beharra dago egungo egoerara, eskubideetan eta elkarbizitzan oinarritutako agenda batekin aurrera egiteko tresna baliagarria bihur dadin.

Nafarroako gehiengo sozial horri dei egiten diogu bere eskuetan har dezan espetxe politikaren gaia ere konponbidean jartzeko giltza

Datu horiek erakusten diguten errealitateak zer pentsatu eman behar digu. Bi bide dauzkagu gure aurrean: salbuespeneko espetxe politika desegitea eta, horrela, behin betiko konponbideak eskura izatea epe labur-ertainean; edo salbuespen neurriekin segitzera daraman bidea, arazoa kroniko bihurtzeko agertoki baten mehatxuarekin, nafarren azken hiruzpalau belaunaldiek bizitako sufrimendua hurrengo belaunaldiari ere utzita.

Eta galdera da: nori interesatzen zaio bide bat edo bestea hartzea? Gure ustez, jakina, arazoa kroniko bihurtzea agenda autoritarioa inposatu nahi duten sektoreei baizik ez zaie interesatzen. Sektore horiek erro sendoak dituzte zenbait botere gunetan, eta tematurik daude konfrontazio politikora eramaten adostasun zabalekin landu beharko liratekeen gaiak, denon elkarbizitza eta eskubideak daudelako tartean. Eta gizartearen gehiengoak, aldiz, interesa du konponbideen agenda bat azkar eta ongi inplementatzeko. Guztion eskubideak errespetatuko dituen agenda bat, guztion sufrimendua aitortuko duen agenda bat. Gehiengo sozial horrek Nafarroan badu, gainera, mugimendu sozialen sare oparo bat, lortzen ari dena zenbait gai garrantzitsutan aitzindariak izatea, hala nola Memoria Historikoan, nazioarteko elkartasunean edo feminismoan.

Nafarroako gehiengo sozial horri dei egiten diogu bere eskuetan har dezan espetxe politikaren gaia ere konponbidean jartzeko giltza. Berandu gabe ospatu ahal izan dezagun benetako mugarri bat izango litzatekeena, presoak Nafarroako politikaren ekuaziotik kentzea, alegia. Denon artean badugu nahikoa indar helburu hori lortzeko. Urtarrilaren 13an hitzordu bat dugu Bilboko kaleetan.

Artikulu hau sinatzen dute Nafarroako 21 norbanako ezagunek:

Irati Jimenez Uriarte (idazlea), Fernando Rey Escalera (itzultzailea), Fernando Armendariz Arbizu (Giza Eskubideen aldeko ekintzailea), Ainhoa Aznarez Igarza (hezitzailea eta Nafarroako Parlamentuko Lehendakari ohia), Juanje Soria Gulina (abokatua), Bakartxo Ruiz Jaso (irakaslea eta parlamentari ohia), Aitor Merino Unzueta (aktorea eta zine produktorea), Julio Soto Ezkurdia (bertsolaria), Julen Goldarazena “Flako Fonki” (musikaria), Joseba Beramendi Nazabal “Exprai” (ilustratzailea), Iñaki Soto Nolasko (kazetaria eta Naizeko zuzendaria), Garazi Arrula Ruiz (itzultzailea, idazlea eta editorea), Ramon Contreras Lopez (SF 78 Plataformako kidea), Juan Kruz Lakasta Zubero (kazetaria), Txemi Perez (Giza Eskubideen aldeko ekintzailea), Gabriel Saralegi Arribillaga (EH Herri Kirol Federazioko Lehendakari ohia), Andoni Romero (antimilitarista eta Gerrarik Ez Plataformako kidea) Oinatz Bengoetxea Berasategi (pilotari ohia), Joseba Ezkurdia Galarraga (pilotaria), Fernando Mendiola Gonzalo (historian aditua), Rakel Arjol Echeverria (Iruñeko Peñen Federazioko kidea).