argia.eus
INPRIMATU
Yolanda Díaz, Sumar
“Gidoia aldatu dugu, demokrazia indartuta atera da gaur”
  • Yolanda Díaz Sumar-eko sortzaile eta buruak azpimarratu du “esperantzak beldurrari irabazi” diola, eta ziurtatu du astelehenetik aurrera elkarrizketak hasiko dituela “alderdi aurrerakoi eta demokratekin”, gobernua ahalbidetzeko.

ARGIA @argia 2023ko uztailaren 24a

Egungo Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde Yolanda Díaz ahots urratuarekin mintzatu da Sumar-en emaitzen balorazioan. Eskerrak eman dizkie koalizioan “konfiantza” jarri dutenei, baita “ilusioz, beldurtuta, zalantzekin edota esperantzarekin” bozka ematera joan direnei ere. “Kanpainan esan dizuegu Espainian jendea oso arduratuta zegoela; lasaiago egingo dute lo gaur”, nabarmendu du. Espainian ez ezik, gehitu du Europan ere “arnasa hobeto hartzen” dutela hauteskundeen emaitzengatik.

Demokraziak irabazi duela eta indartuta atera dela adierazi du. Eskuinari erreferentzia eginez, “irabaziko zutela ziotenen” gidoia aldatu dutela berretsi du. “Ez gara distraituko, bihartik aurrera hobeto gobernatuko dugu, lasaitasuna emango diogu Espainiari”, konprometitu da Díaz. Zerbitzu publikoen aldeko mezua zabaldu du, eta ziurtatu du emakumeen, LGTB kolektiboko pertsonen eta langileen eskubideak zabaltzen jarraitu nahi dutela.

Sumar koalizioak oso denbora laburreko ibilbidea duela gogorarazi du, eta “ezinezkoa” zena lortu dutela azaldu du, "milaka boluntariori esker". Baina, hor egotearekin ez direla konformatzen esanez, orainaz gain etorkizuna direla azpimarratu du. “Presidente” oihuen artean agurtu dute Sumar-eko burua.