argia.eus
INPRIMATU
Gidariak eta erabiltzaileak ahots bidez komunikatuko dira Uber-en
  • Egoera deserosoak ekiditea da berrikuntzaren helburua; mezuen bitartez komunikatzeari utzi eta autora sartzerako elkar ezagutzea. Bilbora iritsi berria da enpresa.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 22a

Autoa ezezagunekin partekatzea geroz eta ohikoagoa da gaur egun. Nahikoa da mugikorrera aplikazio bat deskargatzea eta jatorria, helmuga eta irtetzeko ordua zehaztea. Programak berak elkartzen du jendea. Horrelako aplikazioak ez dira hain justu gutxi, eta lehiakortasuna dago. Uber-ek bere hobekuntza aurkeztu berri du, erabiltzaileen kezka asko argituko dituena.

Bidaiaren aurretik gidaria eta erabiltzaileak elkar ezagutu ahal izango dute. Uber-ek ahozko komunikazioa, hots, bideo bitartezko deia –WhatsApp edota Skypek ere badutena–, aplikatuko du bere sistemara, erabiltzaileen zerbitzuak hobera egin dezan. Hala ere, Hipertextual-ek adierazi duenez, erabiltzaileen telefono zenbakiak ez dira ikusgarri izango, pribatutasuna zaintze aldera. Aplikazioa erabiltzeko interneterako sarbidea beharko da momentu oro.

Hala eta guztiz ere, Uber-ek berrikuntzaren berri eman duen arren, ez du zehaztu noiz erabili ahal izango den.

Bilboko Udala, kezkatuta

Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotzia, kezkatuta azaldu zen ostegunean egindako adierazpenetan. Bizkaiko hiriburura iritsi berria da Uber, eta hauekin datorren ostiralean hitz egitekoak diren arren, abisua pasa die. Taxiaren zerbitzu bera eskaintzen duela baina taxiak ordeztea erabat debekatzen diela adierazi zuen Radio Taxi Bilbao-en orain gutxi eginiko elkarrizketa batean.