Gipuzkoako mankomunitate guztiak biltzen dituen GHK partzuergoak ekainaren 12an 11:00etan Foru Aldundiaren egoitza nagusian burutuko duen batzarrean eztabaidatu eta erabakiko du lurralde honetako hondakinak Bizkaian tratatu, erre eta lurperatzeko berrikitan bi aldundiek itxitako akordioa.
Gipuzkoak Bizkaira eramango ditu gaur azpiegitura faltagatik bertan kudeatu ezin dituen hondakinak, Zubietako erraustegia amaitu arte, albistea zabaldu duten instituzioetatik agindu dutenez. Udara ondoren hasita, Gipuzkoak Bizkaira 20.000 tona bideratuko ditu aurten eta 25.000 tona 2019an. Bizkaiak erabakiko du zein azpiegituratara eraman hondakinok. Mallabiako zabortegira bideratzeko aukera baztertuta duela jakinarazi du Euskadi Irratiak, eta ziurrenik Zabalgarbin erraustuko direla aurreratu du.
Albistearen xehetasunak eskaintzen dituzte gaur hainbat hedabidek, esaterako Berriak eta Noticias de Gipuzkoak. Zenbait erreakzio ere piztu du, adibidez ELA sindikatuarena: "Onartezina da Gipuzkoako hondakinak Zabalgarbira erretzera eramatea".
ARGIAk jakin duenez, erabakia hartu behar duena GHKren osoko batzarra izanik, honek ezohiko bilera egingo du Donostiako Gipuzkoa plazako jauregian, 11:00etan hasita. Bazkide dituen mankomunitateetako ordezkariei helarazi dien deialdiak puntu bakarra iragartzen du batzarrerako: "Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatu beharreko lankidetza hitzarmena eta, horren eranskina azterlu eta onartzea, hala badagokio, hain zuzen ere hiri hondakinen kudeaketan zerbitzua emateko esparruan".