argia.eus
INPRIMATU
Zurriolako hondartzara birbideratu nahi ditu Zubietako erraustegian lurpeko uretan aurkitu dituzten dioxina eta metal astunak GHK-k
  • Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubietako Erraustegiaren azpiko aldetik pasatzen den Arkaitzerrekako ur zikin kutsatu guztia errekatik atera eta saneamendu sistemara eramateko baimena eskatu dio Ura agentziari. Urak eta Eusko Jaurlaritzak hori baimenduko balute, Arkaitzerreka ia osorik lehortuko litzateke… duela bi urte detektatu eta oraindik jarraitzen duen kutsadura GHKk argitu gabe daukanean.

Zero Zabor @zero_zabor 2022ko azaroaren 03a
Arkaitzerrekako ur kutsatuak argitara irteten diren gunea 2022ko irailean: hemendik Zubietako erraustegiko atariraino punpatu nahi ditu urok GHKk. (Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua)

Usurbilgo Noaua aldizkariak aurreratu du berria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webeko dokumentazioaren froga daramana: “Arkaitzerrekan ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu du GHK-k”. Izan ere, Santu Guztietako zubi luzearen bezperan, urriaren 28an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, eta herritar gehienen oharkabean pasatu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) baimen eskaera "Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteerara ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak” egiteko. Baimen eskaera jendaurrean edukiko du Ura Agentziak 23 egun balioduneko epean, "Horrela, obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, epe horren barruan, hemen: Uraren Euskal Agentzia-Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa".

Buletinean argitaratutako baimen eskaeran zehazten dira GHKk Arkaitzerrekan erraustegi azpitik pasata berriro argitara irteten den gunean eraiki nahi duena: "Ponpaketa-putzu berri bat egingo da hondoko drain-hodiaren irteeran, Arkaitz errekaren ondoan, 2,00 x 2,00 metro koadrokoa, eta PEko Ø100 mm-ko bultzada-hodia egingo da putzutik hasi eta erraustegiko instalazioetara sartzeko tunelaren ondoan dagoen saneamendu-sarearekin konektatu arte".

GHKkren asmoa, beraz, honakoa da hitz batez: Zubietako errauste plantaren eraginez gutxienez 2020ko maiatzetik kutsatuta datozen Arkaitzerrekako urak osorik bildu, punpatu erraustegiaren mailaraino eta hemen saneamendu sarera botatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren buletinean ez da zehazten Arkaitzerrekatik desbideratutako urak industri-poligonoko gainerako ur zikinekin batera Loiolako araztegiraino eramango dituzten, nahiz eta buletinak aipatzen duen "erraustegiko instalazioetara sartzeko tunelaren ondoan dagoen saneamendu-sarearekin konektatu" horrek hala pentsatzeko bidea ematen duten. Buletinean ez da aipatzen ere ea desbideraketaren ondorioz Arkaitzerreka erabat lehortuko duten kutsadura ezkutatzeko adabakiarekin.

Bitxi egiten da GHKk, Gipuzkoako agintari nagusien babesarekin, eskatzea Arkaitzerrekako ur kutsatuentzako bypass bat eraikitzeko baimena… oraindik GHKk berak argitu ez duenean ez zein kutsagairekin ari den zikintzen erreka, ez zein den kutsadura larri honen jatorria, ez arduradunak nortzuk diren. Eta gerta liteke GHKk lortzea ur pozoitu horiek herritarren begien aurretik desagerrrarazi eta Zubietatik kanpo eramateko baimena, Gipuzkoako agintariek herritarrei Zubietako erraustegiak eragindako kutsadura horien azalpenak eman aurretik eta epaitegietan ingurumenaren kontrako delitu larri hau argitu eta zigortu baino lehen. [Eguneraketa azaroaren 3an, 13:30ean] GuraSOS elkarteak gaur eskaini du Arkaitzerrekako ur pozoitsuak desbideratzeko GHKk eskatu duen baimenari buruzko informazio eta balorazio gehiago. Hona GuraSOSen agiria osorik:

GHK-k Zurriolako hondartzara birbideratu nahi ditu Zubietako erraustegian lurpeko uretan aurkitu dituzten dioxina eta metal astunak

GHK Patzuergoak Añarbeko hodi biltzailera ura pontatu eta isurtzeko baimena eskatu dio Uraren Euskal Agentziari (Ura), Monpaseko hustubidetik irtengo litzakeelarik, Zurriolako hondartzaren inguruan, dioxina eta beste osagai kutsakorren arazketarik gabe, zeren eta Loiolako Hondakin Uren Araztegian (HUA) ezarritako sistema ez da egokia helburu horretarako

Eskatutako baimenaren testuaren arabera, GHK-k ponpaketa sistema bat eraiki nahi du, “Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteerara”. Hau dena “putzutik hasi eta erraustegiko instalazioetara sartzeko tunelaren ondoan dagoen saneamendu- sarearekin konektatzeko”.

“Hori guztia hogeita hiru egun balioduneko epean agertuko da jendaurrean,-dio URA agentziak- herritarrek jakin dezaten, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita. Horrela, obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, epe horren barruan, hemen: Uraren Euskal Agentzia-Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa. Era berean, bulego horretan bertan egongo da espedientea, nahi duenak aztertu ahal izan dezan.” Urako bulegoetako obraren txostenean, lanek bi hilabeteko iraupena eta 369.087, 50 euroko aurrekontua izango dutela zehazten da.

GHK-k Urari egindako eskaeraren edukia bakarrik izango da gaur, azaroaren 3an arratsaldez, deitutako uraren Patzuergoko bileraren gai ordenako puntu bakarra. Bertan, kideei “Ingurugiro mailako afekziorik gabeko lixibiatuaren filtrazioaren” inguruko informazioa emango zaie, zehatzago esanda, hartutako neurri zuzentzaile eta prebentiboei dagokiona.

“Ingurugiro mailako afekzioa”-ri dagokionean, eskaeran bertan dagoen txostenean baieztatzen da gaur egungo isurketa ez dela “ibaiarentzat egokia”. Eta idazkiak ez badu zehazten ere kalifikazio honen motibo zehatzak zein diren, Eusko Gobernuko Ingurugiro Sailburuordetzaren eskuetan dauden GHK-k berak eskatutako txosten publikoek frogatzen dute azken bi urteetan dioxinak eta furanoak aurkitu direla lurrazpiko ur horietan, “onartutako kutsakortasun maila gogorreko balioak baino 34 eta 62 aldiz altuagoak, neurketen arabera”. [Idom enpresak 2021ean egindako neurketen arabera]. Horrez gain; metal pisutsuak,
amonioa, kloruroak, fenolak eta TPH (hidrokarburoak) ere aurkitu dira. Hauek denak ohikoak direlarik hondakinen errekuntzan, orokorrean eta zehazki plastikoetan. Lindanoa ere agertu da zenbait laginetan.

Bestalde, isurketa birbideratu nahi den “saneamendu-sarea” Añarbeko hodi-biltzailea da, Donostiako Loiola auzoan araztegi bat duena, eta bere itsasorako irteera Monpas-en duena eta Zurriolako hondartzako uretan isurtzen da. Arazketari dagokionez, aipatu behar da Loiolako HUA ez dagoela hornitua erraustegiak isurtzen dituen elementu kutsakorrak desaktibatzeko beharko
lituzkeen prozedura teknikoekin. Araztegia hormitua dagoen hiru ekipamentuek, hala nola, “aurre-tratamenduak”, hau arduratzen delarik lodi eta finen arbasketa, dreinaketa eta koipegabetzeaz, edota “uretan disolbatutako materia organikoa ezabatzeko tratamentu biologikoa” eta  “dekantazioak” ez dute posible egiten erraustegiko isurketako osagarri kutsakor horiek araztea.
Ingurugiro baimenik gabe Beste baimenei dagokienez, orain URAri egin zaion eskaeraz aparte, ez Ingurumen Baimen Bateratua (IBB)-k, ez Ingurumen Inpaktu Adierazpena (IIA)-k ez eta Añarbeko uren hodi-biltzaileak ez dute aurreikusten halako ezaugarriak
dituen isurketarik.

IBBko testua errebisatuz, 3.4 baldintzan ez da aurreikusten erraustegiko prozesuko fase ezberdinetan sortutako efluentetik etorritako isurketarik sortzea, hori bai, agindua emanez bertako instalakuntzen barruan erabil daitezela bere osotasunean.
IIAk berriz, espresuki aipatzen du ez dela aurreikusten inongo “fluxu kutxakorren emisiorik” egongo denik eta “prozesuko urak ez direla isuriko Añareko Uren Patzuergoko hodi-biltzailean”. HUAri dagokionean, erraustegiak Añarben “saneamendu-sarera isurtzeko behin- behineko baimen” bakarra du, 2019ko apirilaren 29an aipatutako erakundeko Kalitate Kontrol Saileko arduradunak emana. Baimen hori ordea “etxeko erabilera ez-ohiko” modura emana dagoela, hau da; higiene zerbitzu, aldagela edo sukalde (egongo balitz) jatorriko ur fekalena edo baita industria mailako ur hondakinak beren izaeragatik etxeko isurketa batean asimilagarriak direnak.

Hala ere, Añarbeko Saneamendu eta Isurketen Araudiaren arabera, ez dira “etxeko” bezala asimilagarri “ingurugiroan edota arazketaren prozesuan bideragarritasun edo errendimenduan arriskuzko edo aparteko intzidentzia eduki dezaketen hondakin-urik”. Espresuki aipatzen dira gainera, debekatutako substantziak: Kloruroak, kobrea, zinka eta fenolak. Osagai hauek izan ziren,
zehazki Usurbilgo Udalak uztailean Arakitzerrekako ubidean eskatutako analisietan atera zirenak.

GHKren neurri hauen iturri izan ziren gertakariak aurtengo uztailean hasi ziren. GuraSOSek Ministerio Fiskalari salatu zion 2022ko uztailaren 14ean, Arkaitzerrekako ubidea gorrituta eta aparrez betea agertu zen egun berean, erraustegiko plataformaren hondoko drain-hodiaren irteeran. Uztailaren 16an igorritako prentsa-oharrean elkarteak “lixibiatu eta instalakuntzako prozesuetatik sortutako filtrazio baten aurrean egon gintezkeela” salatu zuen eta horrek sor zezakeela aipatutako kutsadura. GHK-k lau adierazpen bidali zituen isurketa hauek gezurtatuz ondorengo data
ezberdinetan. “Asmo txarreko manipulaziotzat” jo zuen hau eta “ustezko
informaziotzat” GuraSOSen adierazpenak.

2020ko maiatzaren 9an Zubietako Arkaitzerrekan hilda agertutako aingiretako batzuk, erraustegitik metro gutxira. Geroztik GHKko arduradunek ez lortu dute kutsaketa eteterik, ez eman diete herritarrei gertakizun larri honen azalpenik.