argia.eus
INPRIMATU
GHK-ri erantzuna: herritarrek Zubietako erraustegiaren egiak ezagutu behar dituzte
  • Errausketaren Aurkako Mugimendua –EAM– hasi denetik zabaltzen Zubietako erraustegiaren kutsaduraz ToxicoWatch fundazioak egindako ikerketaren emaitzak, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hedabideen bidez erantzun du guk zabaldutako informazioak direla “alarma soziala sortzea besterik bilatzen ez duten akusazio faltsuak” eta gehitu du: “ToxicoWatch-ek zehaztasun tekniko eta zientifikorik gabeko txostenak egiten ditu, errealitatea gezurrekin desitxuratuz, herritarrak izutzeko” . Ondoren dio GHK-k erraustegiaren emisioak egunero neurtzen dituela eta Biodonostiak egiten duela horien jarraipena: “Biodonostiak emandako datuek erabateko babes zientifikoa dute eta guztiz argiak dira. Oso larritzat jotzen dugu batzuek berriro ere Gipuzkoako gizartea hondakinen gaiarekin zatitzen saiatzea”.

Errausketaren Aurkako Mugimendua 2022ko abenduaren 19a

Errausketaren Aurkako Mugimendutik gogor salatzen dugu GHK-k gai honetan darabilen jokabide maltzurra. Hasteko, Herbehereetako ToxicoWatch fundazioa erreferente internazional bat da toxikologiako komunitate zientifikoan.  Bera arduratu da Zubietako erraustegiak sortutako  isurien neurketa eta azterketaz: kontrol zorrotzekin bildutako laginak Herbehereetako laborategi akreditatuetan analizatzen ditu eta emaitzak eta horien analisia publiko jarrita dauzka bere webgunean (www.toxicowatch.org) denen eskura. Elkarlanean, Geyser, Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa, neurketa batzuez ere arduratu izan da.

ToxicoWatch-ek bere ikerketak garden eta publiko egiten dituen bitartean,  GHK-k aipatzen dituen txostenak ordea EZ DIRA PUBLIKOAK.  Zergatik ezkutatzen dituzue 2019az geroztik Biodonostiak egindako ikerketa horiek eta ez dituzue publiko egiten? Diozuen bezala, dioxinak egunero neurtzen badituzue, zergatik ez dituzue emaitzak publiko egiten xehetasun guztiekin?

GHK-k berak egindako kutsaduren neurketen inguruan, bi txosten publiko bakarrik daude, eta biek ere kutsadura maila onartezinak jasotzen dituzte. Adibidez, SGS-ren 905-286137-02 instalazioaren jarraipen txostenak, zehazki baieztatzen du giza osasunarentzat edo ekosistementzat arrisku onartezinak diren dioxina baloreak, sei aldiz gainditzen direla bertako lurpeko uretan. Arkaitzerrekan uztailetik izaten ari diren isurketak, GHK-k sistematiko ukatu egiten ditu, eta oraindik publikoki onartu gabe, jakin da, GHK-k arazo larriak dituela bertako fosetan eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak kutsadura ekiditeko neurriak hartzera behartu duela. Hau al da GHK-ren gardentasun,  zehaztasun tekniko eta zientifikoa? Ez GHK-k eta ez Gipuzkoako eta EAEko agintariek bermatzen ez dutenez herritarren borondatearen kontra Zubietan hondakinak erretzen dituen errausketaren isurien kontrolik eta horien inguruko informazio gardenik, EAMek ToxicoWatch-i eskatu zion isuri horien analisi jarraitua egitea, eta horretan dihardu urtez urte 2019az geroztik. Hemen ez dago, beraz, ez gezurrik, ez manipulaziorik, ez herritarrak zatitzeko eta ez jendartean beldurrik zabaltzeko asmorik, GHK-k eta aginte publikoek egin nahi ez dutena osatzeko asmoa baizik.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua buru duela GHK-k herritarrei benetan lasaitasun mezuak bidali nahi badizkie, oso ondo dakite zein duten bidea: ezagutarazi ezazue publikoki Zubietako erraustegiko labeek tximiniatik zer eta zenbat isurtzen duten, erakuts ezazue nola egiten duzuen isuriak momentu oro neurtzea –baldin eta egiten baduzue– eta zein diren emaitzak. Egin itzazue publiko herritarren aurrean dituzuen txosten guztiak.

2022ko abenduaren 18an.

Errausketaren Aurkako Mugimendua, Eguzki, Ipar Haizea