argia.eus
INPRIMATU
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez
  • “Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 04a
Zubietako erraustegia. Argazkia: Zero Zabor.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak Zubietako erraustegian 42 egunez aurrez tratatu gabeko zaborra errausten aritu direla aitortu du. Aurretratamendua neurtzen duen kontagailuak ez du jarduerarik izan, baina balorizazio energetikoarenak 3666,68 tona erre zituztela erakusten zuen. Zerbait "arraroa" zegoela iradoki du egunotan Gara egunkariak.

“Behin-behineko” gauza izan dela esan du GHK-k. Antzeko ezaugarriak dituzten erraustegiek “egin ohi dutela” ere adierazi du. “Gezurra da Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako Ingurumen Baimen Integratua eta Hondakinen Kudeaketa Plana ez denik bete, sartu diren hondakinak balorizatzen jarraitu delako, behin-behinean aurretratamendurik gabe egin bada ere” berretsi du.

GuraSOS taldearen arabera, tratamendu gabe etxebizitzako hondakinak soilik erre litezke, ez dago baimenduta udal hondakinak erretzea aurretratamendurik egin gabe. GHK-k GuraSOS-en salaketa ukatu du, eta jarduerak ez duela arriskurik eragin esan dute, depurazio kontrol eta neurketa automatikoek ohiko funtzionamendua dutela esan du. Nahiz eta ez egin aurretratamendurik hondakinen bitartez energia ekoizteko Eusko Jaurlaritzaren baimena duela jakinarazi du.