argia.eus
INPRIMATU
GHK-k Intxaurrandieta eta Errazkinen aurkako helegitea aurkeztea baztertu du
  • Espainiako Kontu Auzitegiak bi aldiz errugabetu ondoren, helegite berri baten aukerak aztertzeko txosten juridikoa eskatu zuten GHK-ko arduradunek. Txostenaren arabera, helegitea irabazteko aukera ez da “arrazoizkoa”, eta GHK-ko asanbladak gaur erabaki du aukera baztertzea.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 19a
Argazkia: sustatu.eus

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka egitea erabaki zuen aurreko legegintzaldian, erakundea EAJk eta PSEk gobernatzen zutela. Ainhoa Intxaurrandieta partzuergoko presidentea zen eta Iñaki Errazkinen Aldundiko Ingurumen diputatua EH Bilduk erraustegia geratzea erabaki zuenean 2011-2015 legegintzaldian, Aldundian gobernatzen ari zela. Hurrengo legegintzaldian gobernua berreskuratu ondoren, EAJk eta PSEk Kontu Auzitegian salatu zituzten Intxaurrandieta eta Errazkin, 46 milioi eurotako kalte ordainak eskatuz.

Espainiako Kontu Auzitegiak GHKren aurka ebatzi zuen, Intxaurrandieta eta Errazkin erraustegi gelditzean zuzen jokatu zutela esanez. GHK-k helegitea jarri zuen, eta epaian berretsi zen Kontu Auzitegia. Helegite berria jartzeko aukera bakarra Auzitegi Gorenera jotzea zen. Hori egin edo ez erabakitzeko, txosten juridikoa eskatu zuen GHK-k. Gaur aztertu du GHK-k bere asanbladan txostena. Helegitea irabazteko aukera ez dela “arrazoizkoa” jasotzen da bertan. Tramitera ere onartua ez izatea gerta daitekeela iradokitzen du. GHK-ko asanbladak aho batez onartu du helegitearen jartzeko aukerari uko egitea.