Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Gipuzkoa CGR aldi baterako enpresa elkarteak Zubietako errauste plantaren kontratua etetea adostu dute.
Enpresek zortzi milioi euroko kalte-ordaina jasoko dute obra bertan behera geratzearen truke. FCC, Serbitzu Elkartea, Altuna y Uria eta AE&E Inova dira eraikuntzaz arduratu behar ziren enpresak.
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Karmelo Aguas Martinez CGR Zubieta Aldi Baterako Enpresa Elkarteko kudeatzaileak eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kideak azaldu dituzte akordioaren datuak.
GHK-k CGRri %3 orainduko dio eraiki gabeko zatiaren lortu gabeko irabaziengatik eta beste %3 proiektatutako planten lehen bost urteen esplotazioagatik: 6.690.000 euroko kostua du aurrenekoak eta 1,5 milioi bigarrenak. Beraz, guztira GHK-k kontratua amaitzeagatik eta proiektua bertan behera uzteagatik 8.190.000 euro ordainduko dizkio enpresen elkarteari.
Akordioari buruzko prentsa oharra osorik irakur liteke GHKren webgunean.
Aurreikusitakoa baino gutxiago
Duela urtebete GHK eta enpresak ez ziren iritsi gai honetan zeukaten eztabaida adostasunez ixtera. Orduan prentsak zabaldu zuenez, 24 milioi euroko kalteordaina eskatzen zuten enpresek kontratua bertan behera uztearen truke.